Solluben egingo dute Deiadar Mendien Eguna
Batzar Nagusiak berreskuratu izanaren 25. urteurrena zela-eta 2004. urtean hasitako ohiturari eutsita, aurten ere, Bizkaiko Batzar Nagusiek Deiadar Mendien Eguna antolatu dute domekarako. Solluben egingo dute aurten. Sollubegaz batera, Gorbeia, Kolitza...
Sollube 707 mendizale taldea arduratu da Solluberako igoera antolatzeaz; Taraska plazatik abiatuko dira, 09:30ean. Arrietatik ere Sollubera abiatuko dira, Mungialdeko Tallu Mendizale taldea arduratu da hori antolatzeaz. Arrietako udaletxean jarri dute ordua, 10:00etan.
Sei kilometro
Bi herrietatik Sollubeko tontorrerantz abiatuko dira. 6 kilometroko igoeraren ostean, 12:00ak inguruan aurreikusi dute gora iristea. Amaitzeko, antolatzaileek jai gune txiki bat prestatu dute, eta, musika, dantzak eta jatekoa ez direla faltako azaldu dute.
Deiadar Mendien Eguna martxa klasikoa bilakatu da mendiaren eta euskal tradizioen zaleentzat. Iazkoan ehunka pertsona joan ziren Gorbeiara.
Horrenbestez, tradizioari eutsita, domekan Alpino Tabira taldeko ordezkariek hartuko dute Solluben lekukoa, 2018an Oiz mendirako igoera antolatu dezaten, deiadar mendietara egiten diren igoeren zikloagaz jarraitzeko.
Antzina bost mendi horien tontorretatik adar hotsagaz egiten zuten Gernikako Batzar Nagusirako deia. Urtean behin horietako mendi baten egiten da ospakizuna, eta aurtengoa hamalaugarrena izango da. Aurten, beste behin ere, bereziki, egun horretarako egin den eta urtez urte deiadar mendi batetik bestera eroaten den adarra erabiliko dute deia egiteko.