Batzar Nagusiak berreskuratu izanaren 25. urteurrena zela-eta 2004. urtean hasitako ohiturari eutsita, aurten ere, Bizkaiko Batzar Nagusiek
Deiadar Mendien Eguna antolatu dute
domekarako. Solluben egingo dute aurten. Solluberekin batera, Gorbeia, Kolitza, Ganekogorta eta Oiz dira bost deiadar mendiak.

Deiadar Mendien Eguna Solluben, 2012an
Sollube 707 mendizale taldea arduratu da Solluberako igoera antolatzeaz;
Taraska plazatik abiatuko dira
09:30ean. Arrietatik ere Sollubera abiatuko dira, Mungialdeko Tallu Mendizale taldea arduratu da hori antolatzeaz. Arrietako udaletxean jarri dute hitzordua, 10:00etan.
Bi herrietatik Sollubeko tontorrerantz abiatuko dira.
Sei kilometroko igoeraren ostean, 12:00ak inguruan aurreikusi dute gora iristea. Amaitzeko, antolatzaileek jai gune txiki bat prestatu dute, eta,
musika, dantzak eta jatekoa ez direla faltako azaldu dute.
Deiadar Mendien Eguna martxa klasikoa bilakatu da mendiaren eta euskal tradizioen zaleentzat. Iazko edizioan ehunka pertsona joan ziren Gorbeiara. Hau horrela, tradizioari eutsita, Alpino Tabira taldeko ordezkariek hartuko dute Solluben lekukoa,
2018an Oiz mendirako igoera antolatu dezaten, deiadar mendietara egiten diren igoeren zikloarekin jarraitzeko.
Antzina bost mendi horien tontorretatik adar hotsarekin egiten zuten Gernikako Batzar Nagusirako deia. Urtean behin horietako mendi baten egiten da ospakizuna eta aurtengoa
hamalaugarren edizioa izango da. Aurten, beste behin ere, bereziki, egun horretarako egin den, eta, urtez urte, deiadar mendi batetik bestera eroaten den adarra erabiliko dute deia egiteko.