Estatu burujabe baten alde
Erabakitzeko eskubidea gauzatu zuten domekan Lea-Artibaiko 11 herritan eta Mutrikun. Guztira, %40,47ko parte hartzea egon da. Datuekin «oso pozik» azaldu dira dinamiketako ordezkariak.Parte hartze datuekin «oso pozik» azaldu dira Maiatzaren 7ko gal...
Erabakitzeko eskubidea gauzatu zuten domekan Lea-Artibaiko 11 herritan eta Mutrikun. Guztira, %40,47ko parte hartzea egon da. Datuekin «oso pozik» azaldu dira dinamiketako ordezkariak.
Parte hartze datuekin «oso pozik» azaldu dira Maiatzaren 7ko galdeketan parte hartu duten Lea-Artibaiko 11 herrietako eta Mutrikuko Gure Esku Dago dinamikaren ordezkariak. Poz hori argi erakutsi zuen domeka iluntzean Berriatuko plazan egin zuten agerraldian Lea-Artibaiko berme batzordeko Danel Solabarrietak. Goiko Plazan eman zuen emaitzen berri, berriz, Itziar Egurbide Mutrikuko Gure Esku Dago-ko kideak.Lea-Artibaiko 11 herrietako ordezkariak elkartu ziren Berriatuan herri galdeketari amaiera emateko. Alboan izan zituzten Ispasterko Gure Esku Dago-ko kideak ere; goizetik hasita ibili ziren azken horiek herririk herri. Ispasterren iazko ekainaren 5ean egin zuten galdeketa, hautesleen %63,68ak eman zuen botoa, eta euskal estatu burujabe bateko herritar izan nahi dutela esan zuten 351 ispastertarrek.
Berme batzordeko kide Eneko Egibar eta Juan Tomas Enziondo lekeitiarrek, Patxi Juaristi markina-xemeindarrak eta Danel Solabarrieta ondarrutarrak Goikolau elkartean herri guztietako botoak banan-banan egiaztatu ondoren eman zituzten datuak ezagutzera.
Lea-Artibain, guztira, %41,63k parte hartu dute 11 herritan egin dituzten galdeketetan. Denetara 9.123 herritarrek gauzatu dute erabakitzeko eskubidea, eta %96,41ek euskal estatu burujabe bateko herritarra izatearen aldeko botoa eman dute. «Garbi gelditzen da eskualde honek zer nahi duen», adierazi zuen Solabarrietak Berriatuko Txapeletik.
Eskualdeko herri handienetan, Ondarroan, Lekeition eta Markina-Xemeinen, 2.783 eta 2.695 eta 1.486 herritarrek eman dute botoa, hurrenez hurren. Herri txikietako parte hartzea izan da, baina, nabarmentzekoa batez ere.
Aulestin, esate baterako, hautesleen %70,40 izan dira botoa eman dutenak, aulestiarren hamarretik zazpik parte hartu dute bozketan, eskualdeko parte hartzerik handiena izan delarik. %67,77koa izan da parte hartzea Amoroton; eskualdeko bigarren handiena; hamarretik ia zazpi lagunek bozkatu dute. Lea-Artibaiko hirugarren parte hartze daturik onena lortu dute Gizaburuagan, %61,71koa.
Hiru herri horiek izan dira, gainera, domekako bigarren olatu handian Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 52 udalerritan egin diren galdeketetako parte hartze daturik altuenak lortu dituztenak ere.
Gainerako eskualdeekin alderatuz gero, Lea-Artibaik lortu du parte hartze emaitzarik onena, %41,63. Urola Kostakoa %31,34 izan da, Uribe Butroekoa %25,92, Durangaldekoa %22,25, Uribe Kostakoa %19,57 eta Debabarrenakoa %18,74 .
Txalo artean hartu zituzten mutrikuarrek Itziar Egurbidek emandako datuak. Galdeketan parte hartu duen mutrikuarren gehiengo zabalak baiezkoa eman dio Euskal Herri independente bateko herritarra izatearen galderari, 1.616 parte hartzaileetatik 1.550ek, %95,91k, hain zuzen ere. Ezezkoak, ordea, 56 izan dira.
Urrats historikoa
Jai giroan eta ilusioz gainezka gauzatu zuten erabaki eskubidea Lea-Artibaiko 11 herritan eta Mutrikun. Orain arteko olaturik handienari helduta, galdeketa egunak askorako eman zuen. 09:00etan hauteslekuak zabaldu zirenetik nabaritu zen giroa herriz herri. Lekeition, esaterako, bozka emateko zain zegoen ordurako jendea.
Erabakitze eskubidearen jaia ospatzeko ekitaldi ugari egin ziren. Mendexan, esate baterako, Ilari Laka eta Jose Txakartegi omendu zituen herri dinamikak goiz partean. Herriko dantzari gazteen eskutik, oroigarriak jaso zituzten. Herrian egiten duten lana aitortzeko modua izan zen. Orain dela urtebete beraiek irakurri zuten adierazpena. Ezustekoan eta pozik jaso zituzten herritarrengandik jasotako opariak.
Hasi bezala amaitu zen galdeketa eguna, jai giro ederrean.
Gure Esku Dago-k emandako datuaren arabera, 52 udalerritan egindako galdeketetan 63.237 lagunek eman dute botoa. «Erabakiaren bidean atzera bueltarik gabeko urrats historikoa» izan dela adierazi dute. %25,49ko parte hartzea datu ona da, Gure Esku Dago-ren ustez, eta prozesua bera ere ontzat jo du. «Iaz pentsatu ere ez genuen egiten gaur galdeketak egin dituzten herrietan halako prozesu bat martxan jartzea posible izango zenik, ez zegoen baldintzarik; baldintzak sortu egin ditugu, eta oso eremu anitzetara iritsi gara; Urkabustaiztik hasi eta Eibarreraino, edo Durangotik Zubietaraino».
Datozen hilabeteetan ere lanean jarraituko dutela esan dute, «borondateak ehunduz, adostasunetan sakonduz eta herritarrak ahaldunduz» Euskal Herrian erabakia gauza dadin. «Ezinezkoa ezinezko baita errealitate bihurtzen den arte. Horretan sinesten dugu, eta hori erakutsi dugu beste 52 herritan».
Datorren ekainaren 18an beste 24 udalerritan egingo dituzte herri galdeketak. Horren aurretik, baina, ekainaren 10ean jauzi berri bat emango dute: Itun Herritarra aurkeztuko du Gure Esku Dago-k Bizkaiko hiriburuan. «Euskal komunitate osoari zuzendutako itun demokratikoa» izango da, haren esanetan. «Erabakiaren bidean ate berriak zabaltzen ari gara, eta Itun Herritarra mugarri izango da».