Mugak «zabaltzeko» aldarria
Gerren aurka eta asilo eskubidearen alde, «bidegabekeriatik» ihes egiten duten errefuxiatuen harrera herri bilakatu da Gernika, milaka lagunen berotasunean.Gerrekin amaitzeko eskatu du- te. Euskal Herriko hainbat lekutatik Gernikara heldutako milaka ...
Gerren aurka eta asilo eskubidearen alde, «bidegabekeriatik» ihes egiten duten errefuxiatuen harrera herri bilakatu da Gernika, milaka lagunen berotasunean.
Gerrekin amaitzeko eskatu du- te. Euskal Herriko hainbat lekutatik Gernikara heldutako milaka herritarrek iraultza politikoa eta soziala eskatu dute, errefuxiatuek bizi duten egoera aldatzeko.Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren eskutik, ekitaldi ugariz bete dute asteburua Gernika-Lumon, herria bonbardatu zutela 80 urte bete direnean. Hala, munduko «beste Gernikak» salatu, eta errefuxiatuei ongi etorria adierazteko milaka lagun elkartu dira egunotan, Busturialdeko herri horretan.
Euskal herriko hainbat txokotatik martxan ailegatu ziren herritarrak Gernikara, zutabeetan. Euskal herritarrak ez ezik, espainiarrak zein Europako beste zenbait herrialdetakoak ere biltzea lortu du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren deialdiak.
Kolore horiz jantzi dute Gernika asteburuan, eta deialdiak izan duen erantzunagaz «pozik» dago Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformako Maitane Azurmendi. «Jende askok parte hartu zuen, eta, gainera, asko lagundu zuten; esaterako, garbiketa lanetan». Asteburua antolatzeak «lan handia» suposatu duen arren, ekimenaren arrakastak eta emaitzak orain arteko nekea «konpentsatu» egin dutela aitortu du Azurmendik. Guztia «ondo» atera dela eta, pozik dago plataformako kidea, eta, orain, «atsedenerako garaia» dela esan du.
Bidea «oso zaila» izan dela aitortu du, denboraz «estu» ibilita, guztia antolatzea «konplexua» izan baita. Hala ere, bide horretan ilusioz betetako jendea aurkitu duela eta, horri eman dio garrantzia.
Euskal Herria, babes herria
Besteak beste, Euskal Herria babes herria dela adierazi zuten zapatuan, eta Europako politikak kritikatu zituzten: «Euskal Herria eta Europa ez daude ados Europako gobernuek egin dutenagaz, eta hori adierazteko elkartu gara», azaldu du Azurmendik. Izan ere, diotenez, politika horiek dira gerretatik ihesean dabiltzanei babesa ematea eragozten dutenak.
Zapatuan Pasealekuan egin zuten ekitaldian gogoratu zutenez, duela 80 urte gernikarrak eta euskal herritarrak izan ziren herritik alde egin behar izan zutenak, gerratik ihesean. Pasealekua txiki utzi zuen olatu horiak, eta horien guztien aurrean agertu ziren oholtza gainean Hassana, Monika, Mahmud, Marian, Yahia edo Marta, besteak beste. Gaur egun munduan dauden «beste Gerniketatik» ihesean heldu dira Euskal Herrira.
Horiek guztiak jatorri ezberdinetako pertsonak badira ere, badute elkar lotzen dituen arrazoia: «Interes ekonomiko inperialista».
Hassana Aalia sahararrak Euskal Herrian lortu zuen babesa, Marokok bizi bitarteko kartzela zigorra ezarri ostean.
Yahia Koddo siriarra, bestalde, ikastera etorri zen Euskal Herrira. Orain urtebete, 2016ko apirilaren 26an bera izan zen Astrako babeslekuan 04 minutu ekimenean sirena piztu zuena, Ruba Hassanegaz batera. Zapatuan, Pasealekuko oholtza gainetik, Gernikak memoria eta itxaropena ordezkatzen dituela esan zuen, faxismoaren eta diktaduren aurka borrokatzen jarraitzeko: «Nire herriaren itxaropena da». Familia ia osoa hil zaio Sirian. Gasteizen ikasten ari zela piztu zen gerra haren herrian, eta inoiz ez zuen pentsatu errefuxiatuta geratu beharko zuenik Euskal Herrian.
Kurdistandik etorritako Mariam Fathik, Senegaldik etorritako Mahmud Traorek eta Kolonbiako indigena Martak ere euren esperientzia aipatu zuten.
Tailerrek «arrakasta»
Domekan, bestalde, beste hainbat jarduera egin zituzten Gernikan, errefuxiatuei babesa eman asmoz; hala nola, tailerrak eta mintegiak. Horietan «uste baino parte hartze handiagoa» egon zela nabarmendu du Azurmendik: «Erabateko arrakasta izan zuten».
Asteburuko ekimenen bitartez, «mugak zabaltzeko» eskatu zuen Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, eta migratzea «eskubidea eta askatasun sinboloa» dela gogora ekarri zuen. Hala, aipatutako «egoera bidegabeak» aldatzeko borrokatu egin behar dela aldarrikatu zuten.