Parte hartze prozesua ireki dute 200.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko
Bermeotarrek euren proiektuak aurkeztu ahalko dituzte Berhaz bulegoan, erabaki.bermeo.eus-en edota antolatuko diren bileretan. Maiatzaren 14ra arte aurkez daitezke proposamenak2017rako aurrekontuetan, Bermeoko Udalak 200.000 euroko partida bat aurreiku...
Bermeotarrek euren proiektuak aurkeztu ahalko dituzte Berhaz bulegoan, erabaki.bermeo.eus-en edota antolatuko diren bileretan. Maiatzaren 14ra arte aurkez daitezke proposamenak
2017rako aurrekontuetan, Bermeoko Udalak 200.000 euroko partida bat aurreikusi du prozesu parte hartzailea egiteko, eta prozesu hori martxan jarri dute. Hala, herritarrek diru kopuru hori zertan inbertitu erabaki ahalko dute. Parte hartze prozesua udal gobernuak eta Guzanek elkarlanean garatu dute, bien arteko akordio baten emaitza da.Bermeon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako edozein herritarrek aurkeztu ahalko ditu proposamenak; horiek aurkezteko azken eguna maiatzaren 14a izango da. Proposamenak, beste alde batetik, hiru modutara aurkez daitezkeela azaldu dute udal ordezkariek. Berhaz bulegora eroan daitezke, erabaki.bermeo.eus webgunean dagoen inprimakia beteta ere egin ahalko da, edota antolatuko dituzten bileretan parte hartzeko aukera ere badago.
Proposamenenak, ezinbestean, inbertsioak egiteko izan beharko direla jakinarazi dute (azpiegiturak, obrak, berreraikitzeak, konponketak, proiektuen idazketa…); bermeotarren interes orokorrari erantzun beharrekoak izan beharko direla gaineratuta.
Mahai batek aztertuta
Herritarren proposamenak teknikoen eta talde politikoen ordezkariekin osatutako mahai batek aztertu eta baloratuko ditu, eta honako irizpideak izango dituzte kontuan: interes publikoari erantzutea, udalaren konpetentzia izatea, teknikoki bideragarria izatea, aurreikusitako diru kopuruagaz bateragarria izatea eta inbertsio motako proposamena izatea.
Mahai horretan oniritzia jasotzen duten proiektuak bozketa fasera pasako dira, eta horiek publiko egingo dituzte, herritarrei proiektu ezberdinei buruzko informazioa emanik. Proiektu horien gaineko azken erabakia bozketa bidez ebatziko dela azaldu du udalak.
Bozketan 16 urte bete dituzten eta Bermeon erroldatuta dauden herritarrek parte hartu ahalko dute. Bozketa epean, udalak hainbat hautestontzi jarriko ditu herritarren eskura, herriko hainbat puntutan.
Bozketako emaitzak «lotesleak» izango direla diote, eta, beraz, boto gehien lortu duen proiektua exekutatu beharko du udalak.
Azaldu dutenez, aukeratutako proiektuen exekuzioan herritarren partaidetza bermatzeko formulak bilatuko dituzte, eta prozesu guztiaren informazioa zabalduko dute aurrekontu parte hartzaileen webgunean zein Bermeoko Udalak bere eskura dituen kanal guztietatik.
Udal arduradunek herritar guztiak gonbidatu dituzte aipatu parte hartze prozesuan parte hartzera.