«Ondare politikak hobetzeko sortu da proiektua»
Hericoast Interreg Europe proiektuan dago Leartibai Garapen Agentzia. Nekane Irusta (Berriatua, 1970) turismo eta toki garapen teknikariak dio eragile denen inplikazioa beharrezkoa dela.Leartibai Garapen Agentzian Hericoast Interreg Europe proiektua la...
Hericoast Interreg Europe proiektuan dago Leartibai Garapen Agentzia. Nekane Irusta (Berriatua, 1970) turismo eta toki garapen teknikariak dio eragile denen inplikazioa beharrezkoa dela.
Leartibai Garapen Agentzian Hericoast Interreg Europe proiektua lantzen ari zarete. Zertarako da egitasmoa?Kostaldeko natur eta kultur ondarearen babesa lortzean eta balioan jartzean datza proiektua. Hau da, normalean ondarea ustiatzerakoan politikak sortzen dira, ondarea babesteko, berreskuratzeko, aktibatzeko edota balioan jartzeko, eta baita ustiatzeko ere. Europa mailan eredu oso desberdinak daude, eta proiektu honen azken helburua natur eta kultur ondareak babesteko eta ustiatzeko edo kudeatzeko politiken artean oreka bat topatzea da. Izan ere, europar mailako proiektuetan denon artean ezagupen bat sortzea izaten da helburua, gai baten inguruan dauden politika guztiak hobetzeko.
Oreka bilatzea ez da lan erraza izango.
Beti daude arrisku batzuk: jasangarritasuna ezin bermatzea, berreskurapena ez izatea hain zientifikoa… Bestetik gertatzen da ondarea babestu egiten dela, baina hor gelditzen da; ezin duzu edonola aktibatu. Beti ere jasangarritasuna eta berrikuntza oinarri hartuta, eskualde garapeneko politikak eta programak hobetzea da proiektuaren helburu orokorra. Jakitun gara gure eskualdean izugarrizko ondarea daukagula bai natura aldetik, bai kultura aldetik. Ondarea babesteko eta zaintzeko askotan ez dago baliabide handirik; eskualde oso txikia gara, eta ahalegin handia egin behar da babesteko. Baina, era berean, sentsibilizazioa gorantz doa; biztanleak, elkarteak, enpresak, udalak eta denak oso kontzientziatuta daude. Jaurlaritzak gure gomendioak kontuan hartzen baditu aukerak egon litezke eskualderako.
Euskal Herriko partaide bakarra zarete. Zeintzuk dira gainontzeko kideak?
Halako proiektuetan beti dago proiektua sortu duen liderra, eta gure kasuan Noruegako Vest Agder Aldundia da. Europar mailan ibai ertzak kostaldeko proiektuen barruan daude, eta Gaztela eta Leon da partaideetako bat. Errumaniako Tulcea eskualdea da, Italiako Molise eskualdea eta Irlandako Donegal Country dira beste partaideak.
Nola gauzatuko duzue proiektua?
Proiektuak bi fase ditu. Lehenena ikasketa eta esperientzien elkartrukaketa da. Partaideak ba- tu, esperientziak identifikatu, bisitak egin, praktika onak identifikatu eta denon artean ikasketa prozesu bat sortzea da. 2016ko apirilean hasi, eta 2018ko irailean amaituko da. Hirugarren seihilabeteko bisita datorren astean egingo dugu Valladolideko Herrera de Pisuergara, kanalaren inguruan hainbat azpiegitura zelan garatu eta berreskuratu dituzten ikustera. Ondare industriala berreskuratzeko proiektu interesgarriak dituzte. Urrian, berriz, Tulcea eskualdean egon ginen, eta ekainean, Norbegian. Bigarren fasean eskualde bakoitzean ekintza plan bat sortuko da, politikak hobetzeko. Bigarren fasea bi urtekoa da, eta ekintza plan horren jarraipena egingo da. Programa 2020ko irailean bukatuko dugu. Amaitu ostean, europar mailako aurkezpen ekitaldia egingo dugu, eta gure eskualdean antolatzea aurreikusita dago.
Amaitu aurretik Lea-Artibai eskualdera etorriko al dira?
Gure eskualdera ez da bisita teknikorik egingo, baina liderra eta aholkulariak urtarrilean etorri ziren gugaz bilera bat egin eta eskualdea ezagutzera. Markina-Xemeingo frontoian eta Lekeitioko itsasargian egon ginen, eta Ondarroan bisita gidatua egin genien. Bestalde, Bilbon egin genuen bilera teknikoa, eta Albaolan ere egon ginen, Donostiako ontzi museon.
Helburu orokorra aipatu duzu. Baina zeintzuk dira helburu zehatzak?
Politiken diagnostikoa egitea, eta eremu metodologiko bat eraikitzea dira helburu zehatz batzuk. Hau da, denon artean erreminta kutxa sortzea, esaterako, eragileen partaidetza sustatzeko zein herritarren sentsibilizazioa bultzatzeko, eta ondare bat babesteko eman beharreko pausoak edota jarraipen irizpideak zehazteko. Esperientzia elkartrukaketa eta praktika onak sustatzeko ikaskuntza praktikoa ere badira helburuak.
Zeintzuk dira lan esparruak?
Sei lan esparru daude: diagnostikoa, esperientzien elkartrukaketa, ekintza planaren definizioa, emaitza praktikoak, praktika onen gida, bide orria, gomendio politikak eraikitzerakoan, eta sentsibilizazioa eta difusioa, eta jarraipena. Fase bakoitzean emaitza batzuk lantzen ari gara.
Garapen Agentzia izanik ez duzue polikak sortzeko eta garatzeko eskumenik. Beraz, erakundeekin hartu-emana izatea derrigorrezkoa duzue.
Proiektuan aritzeko ondareari buruz lanean ari diren eragile denen inplikazioa behar dugu derrigorrez. Gure kasuan, Jaurlaritza, aldundiak, unibertsitatea, ondare elkarteak, mankomunitateak, udalak, enpresak, elkarteak eta herritarrak. Kolaboratzaile, instituzio, eragile edo agente bakoitzagaz komunikazio estrategia bat definituta daukagu, lantzen gabiltzanetik zer aprobetxatu ahal den ikusteko. Ondareari buruzko ezagupena nola aplikatu litekeen edo politikak nola garatu litezkeen eta zein ideia hartzen ditugun aztertzeko. Era berean, herritarrak sentsibilizatzea da helburua, zer dugun eta zelan babestu behar dugun hausnartzea. Esaterako, jendeak oso argi du paisaia babestu egin behar dela. Ondarea zentzu zabalean erabiltzen dugu, eta gauza batzuk, agian, ez daude aitortuta. Ondare industriala, adibidez, askok ez du ondaretzat hartzen.
Zer landu duzue orain arte?
Partaideok diagnostiko bana egin behar dugu. Hor zeintzuk politika dauden kostaldeko ondare naturala eta kulturala kudeatzeko agertu behar da, eta horiek zer zaintzen duten, zer ez, udalen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak eta paisaia planak… Diagnostikoa eginda daukagu, eta zehaztuta zeintzuk baliabide dauden katalogatuta. Ondare natural eta kulturalen azterketa da, eta bereiztu egin behar dira dagoeneko babestuta edo izendatuta edo katalogatuta daudenak, eta aitortu gabe daudenak. Kolaboratzaileen komunikazio estrategia definitu, eta politiken diagnostikoa egin ditugu, hau da, natur eta kultur ondarearen azterketa eta horien politikena. Inbentarioa baliagarria izan da guk ere etxean dugunaz kontzientzia hartzeko, eta ondarea ustiatzeko dauden politikak aztertzeko. Proiektuaren zabalkunderako interesgarria da ondareen digitalizazioa. Guk bi bideo sortu ditugu: eskualdeko natur eta kultur ondarearen aurkezpena eta Lekeitiori buruzkoa. Hirugarren digitalizazioa turismo webgunean mapa batean ditugun ondare elementu adierazgarrienak markatzea izango da.
Zeintzuk dira aurrerantzeko zereginak?
Eskualde bakoitzak bost praktika on identifikatu eta elkartrukatuko ditu. Gure bat dinamizazio prozesuari buruz izatea eskatu digute. Ondarroa 2020 estra- tegia lantzen ari gara. Partaidetza eta dinamizazio prozesuak oso interesgarriak suertatu zaizkie gure kideei. Zelan egiten ditugun, dugun metologia , erabakiak hartzeko prozesuak… azaltzeko eskatu digute. Lekeition ondareari buruz urteetan landutako esperientzia eta Lea Ibarreko esperientzia Bengola, Mari Errota, Lea ibilbidea ere azalduko ditugu. Partaidetzarena haientzat eredu interesgarria da, eta baita ondare ukituezina lantzeko egin diren ekimenak ere. Politika arduradunak eta politikarien konpromisoa da beste puntu bat; goi mailako erakundeekin hartu-emanetan gaude. Bestalde, sei akzio-planen definizioa eta akordioa eta praktika onen gida eta politiken bide orria ere egingo ditugu.