Klasiko bilakatu den punta puntako txapelketa hartuko du Ajangizek
datozen hiru domeketan. “Lehen mailako txapelketen artean, umiltasunez tartea egitea lortu dugu. Lehen mailako afizionatuek lehen mailako txapelketak behar dituzte”, azaldu dute antolatzaileek.
Lehen mailako afizionatuetako zortzi pilotarik lehiatuko dute txapelketa, eta tartean daude bikotea osatuko duten
Etxebarria nabarniztarra eta Uriondo gizaburuagarra. Horiek Larrañaga eta Legarreta arabarren kontra ariko dira nor baino nor gehiago, maitzaren 7an.
Domeka honetan, berriz, Prado errioxarraren eta Zezeaga gipuzkoarraren eta Zubizarreta eta Garmendia bikote gipuzkoarraren arteko partida egongo da.
Ajangiz txapelketen mapan jarri, herriari kolorea eman, eta esku pelota sustatzea dira antolatzaileen
helburuak, eta udalerriko zein inguruko herrietako zaleak txapelketa ikustera gonbidatu dituzte: “Jendea hurbiltzea eta frontoia betetzea gura dugu. Domeka goiz pasa polita egiteko aitzakia ederra da”.
Herriko jaien inguruan antolatzen dute txapelketa, eta azaldu dutenez, sasoi honetan ez da erreza izaten pelotariak topatzea. Izan ere, Mallabiako Biharko Izarrak, Berria Torneoa edota GRAVNI Txapelketa ere sasoi honetan lehiatzen dituzte. “Denok nahi ditugu lehen mailako afizionatuetan jokatzen duten pelotari onenak, eta halako herri txiki batean mota honetako txapelketa antolatzea ez da erraza. Horregatik babesleei gure esker ona adierazi nahi diegu”.
Hain zuzen ere, orain arteko lau edizioetan dagoeneko
profesionaletara saltoa eman duten zortzi pilotarik parte hartu dute Ajangizko txapelketan. Esate baterako, Imaz, Erostarbe, Elordi eta Errandonea pilotariak txapeldun izandakoak dira.
Umeen partidak
Aurreko urteetan moduan, aurten ere, lehen mailako afizionatuen partiden aurretik,
Arkupe eta Lea Ibarra Motrollo esku pelota eskoletako umeen partidak ikusteko aukera egongo da. Umetxo, kimu eta ume mailetako hiruna kanporaketa lehiatuko dituzte domeka honetan eta maiatzaren 7an.
11:00etan hasiko dira lehen partidak.
Umeen zein lehen mailako afizonatuen
finalak maiatzaren 14an jokatuko dituzte, 11:00etatik aurrera.
TXAPELKETAREN EGUTEGIA:
-APIRILAK 30
- Umetxoak: Unai-Danel vs. Goikoetxea-Urzelai II
- Kimuak: Inhar-Aimar vs. Rocha-Urtzi
- Umeak: Enbeita-Bernaola vs. Ariznabarreta-Garcia
- Lehen mailako afizionatuak: Zubizarreta-Garmendia vs. Prado-Zezeaga
-MAIATZAK 7
- Umetxoak: Aner-Aiur vs. Bengoetxea II-Urzelai I
- Kimuak: Ekain-Mikel vs. Kareaga-Uribarri
- Umeak: Pascual-Jaio vs. Mujika-Allende
- Lehen mailako afizionatuak: Etxebarria-Uriondo vs. Larrañaga-Legarreta
-MAIATZAK 14 (FINALAK)