Herri kirol erakustaldiak egongo dira beste urte batez Morgako Azokan
Azken urteotan legez, azoka girotzeko herri kirol erakustaldiak prestatu dituzte Pataterrixe Kultur Elkarteko kideek.
12:00etan Euskal Herriko Aizkora Txapelketaren errebantxa egingo dute Aitzol Atutxa txapeldunak eta Joseba Otaegi bigarren sailkatuak. Dimarrak eta zizurkildarrak ikuskizun ederra eskainiko dute, eta haien saioaren erdian Idoia Etxeberria Euskal Herriko harrijasotzaile txapeldunaren jardunaz gozatzeko aukera izango dute azokara bertaratzen direnek. Etxeberriak marka galanta lortuta du, izan ere, munduan 162 kiloko harria jaso duen emakume bakarra da.
Aizkora eta harrijasotze erakustaldien ostean, emakumeen eta behorraren arteko desafioa burutuko dute. Arratiako Harriti andra proba taldeko kideak Laudioko Lopezen behorraren kontra ariko dira nor baino nor gehiago. 20 minutuko txanda bakoitzean zeinek untze gehiago egin izango da erronka.
Bestalde, nekazal eta artisau postuetan askotariko produktuak erosteko aukera egongo da goizetik eguerdira arte. Guztira 34 postu egongo direla adierazi dute antolatzaileek, Euskal Herriko toki desberdinetatik etorritako 18 nekazal postu eta 16 artisau batuko dira Morgako plazan. Halaber, Gatikako animali exotikoak ikusteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.