Domekan hasiko da Ajangizko Esku Pilota Txapelketaren lehia
Klasiko bilakatu den punta-puntako txapelketa hartuko du Ajangizek datozen hiru domeketan. «Lehen mailako txapelketen artean, umiltasunez tartea egitea lortu dugu. Lehen mailako afizionatuek lehen mailako txapelketak behar dituzte», azaldu dute antol...
Lehen mailako afizionatuetako zortzi pilotarik lehiatuko dute txapelketa, eta tartean daude bikotea osatuko duten Etxebarria nabarniztarra eta Uriondo gizaburuagarra. Horiek Larrañaga eta Legarreta arabarren kontra ariko dira nor baino nor gehiago, maitzaren 7an. Etzi, berriz, Prado errioxarraren eta Zezeaga gipuzkoarraren eta Zubizarreta eta Garmendia bikote gipuzkoarraren arteko partida egongo da.
Esku pilota bultzatzeko
Ajangiz txapelketen mapan jarri, herriari kolorea eman, eta esku pelota sustatzea dira antolatzaileen helburuak, eta udalerriko zein inguruko herrietako zaleak txapelketa ikustera gonbidatu dituzte: «Jendea hurbiltzea eta frontoia betetzea gura dugu. Domeka goiz pasa polita egiteko aitzakia ederra da».
Herriko jaien inguruan antolatzen dute txapelketa, eta azaldu dutenez, sasoi honetan ez da erraza izaten pilotariak topatzea. Izan ere, Mallabiko Biharko Izarrak, Berria Torneoa edo eta GRAVNI Txapelketa ere sasoi honetan lehiatzen dituzte. «Denok nahi ditugu lehen mailako afizionatuetan jokatzen duten pilotari onenak, eta halako herri txiki batean mota honetako txapelketa antolatzea ez da erraza. Horregatik babesleei gure esker ona adierazi nahi diegu».
Hain zuzen ere, orain arteko lau txapelketetan dagoeneko profesionaletara saltoa eman duten zortzi pilotarik parte hartu dute Ajangizko txapelketan. Esate baterako, Imaz, Erostarbe, Elordi eta Errandonea pilotariak txapeldun izandakoak dira.
Aurreko urteetan moduan, aurten ere, lehen mailako afizionatuen partiden aurretik, Arkupe eta Lea Ibarra Motrollo esku pelota eskoletako umeen partidak ikusteko aukera egongo da.
Umetxo, kimu eta ume mailetako kanporaketak lehiatuko dituzte etzi eta maiatzaren 7an. 11:00etan hasiko dira lehen partidak. Umeen zein lehen mailako afizonatuen finalak maiatzaren 14an jokatuko dituzte, 11:00etatik aurrera.