Berriatuko Nekazal eta Arrain Kontserba Azokak 17 ekoizle bilduko ditu bihar
Azoka 10:00etatik 14:30era egongo da zabalik. Herriko elkarteen arteko IV. Pintxo Lehiaketa ere egingo da. Antolatzaileek aurreratu dutenez, azoka «erakargarria eta girotsua» izango daBeste behin ere Berriatua euskal ekoizleen plaza bihurtuko da biha...
Azoka 10:00etatik 14:30era egongo da zabalik. Herriko elkarteen arteko IV. Pintxo Lehiaketa ere egingo da. Antolatzaileek aurreratu dutenez, azoka «erakargarria eta girotsua» izango da
Beste behin ere Berriatua euskal ekoizleen plaza bihurtuko da bihar. Hala, Nekazal eta Arrain Kontserba Azokak hamazazpi ekoizle bilduko dituela jakitera eman dute. Azoka 10:00etan zabalduko da, eta 14:30ak arte, baserriko produktuak eta arrain kontserbak dastatzeko eta erosteko aukera edukiko dute herritarrek.Aurreratu dutenez, azoka «erakargarria eta girotsua» izango da; 25 erakusmahai ipiniko dituzte herriko plazan.
Ekoizleekin aurrez aurre egoteko aukeraz gain, Berriatuko Tarine musika eskolako Trikipand taldeak ere azokako giroa alaituko du eguerdi aldera, urtero egin legez.
Azoka Berriatuko Udalak eta Lea-Artibaiko Landa Garapenerako Alkarteak elkarlanean antolatuta dago. «Esker berezia eskaini nahi diegu azoka antolatzen lagundu diguten ondoko eragileei: Berriatuko Udal Brigada, boluntarioak eta herriko elkarteak», esan dute antolatzaileek.
IV. Pintxo Lehiaketa
Azken urteetan egin modura, azoka egiteaz batera Berriatuko elkarteen arteko pintxo lehiaketa ere egingo da; aurten laugarrenez egingo da lehiaketa. Ondokoek parte hartuko dute lehiaketa horretan: Goxalde elkartea, Milloitxarrak, Anaitasuna erretiratuen elkartea, Kukulumutxu kuadrilla iazko irabazlea eta Ondarroako Ezkilintzarri elkarte gastronomikoa talde gonbidatua.
Azaldu dutenez, talde bakoitzak lau pintxo mota egin beharko ditu; guztira, talde bakoitzak gutxienez 200-250 pintxo egin beharko ditu. Pintxo lehiaketa 12:00ak aldera hasiko bada ere, pintxoak aurretiaz prestatu ahalko dituzte taldeek euren egoitzetan. «Azken prestaketa azoka eremuan egin beharko dute».
Pintxoak dastatu ahal izateko, herritarrek txartelak erosi beharko dituzte; txartel bakoitzak2 euro balioko ditu, eta horregaz bi pintxo dastatu ahalko dituzte herritarrek. «Pintxoak dastatzeko aukeraz gain, taloen postu bat ere egongo da».