Basurdeek denboraldiko azken partida jokatuko dute domekan
20. jardunaldian atzeratu zuten partida jokatuko du domekan Gernika RTk Alcobendasen kontra Urbietan, 12:00etan. Denboraldiko azken partida izango da, izan ere, Ohorezko mailako azken jardunaldia aurreko domekan lehiatu zuen, eta 40-28 irabazi zion FC ...
Etxeko jokalariak indartsu zelairatu ziren, partida hasiera ikusgarria eginez. Etengabeko eraso ahaleginaren ostean, lehia hasi eta sei minutura, Bastek lortu zuen etxekoen lehen entsegua. Baina, lehen kolpe horrekin suspertu ziren katalanak, eta zigor kolpe bategaz haien lehen 3 puntuak eskuratu zituzten (7-3). Hemeretzigarren minutuan, beste zigor kolpe baten ondorioz, basurdeengandik puntu bakarrera jartzea lortu zuten.
Gero, katalanek estu hartu zituzten etxekoak, eta bi puntuko aldeagaz zeudela, basurdeak hasierako jokoa berreskuratzeko zereginean aritu ziren. Hala, lehen zatiko azken txanpan entsegua lortu zuten. Erasoko jokaldi bikain batean heldu zen lehen zatiko azken entsegua; Eskolar baloiaz jabetu, eta Martinezen entseguagaz 12-9ko markagailuagaz joan ziren aldageletara.
Basurdeek lehen zatiaren antzera ekin zioten bigarrenari. Katoaren pasea ondo aprobetxatu zuen Fordhamek. Argentinarrak egin zuen bigarren zatiko lehen entsegua, eta Pichlerrek arazorik barik transformatu zuen (19-9).
46. minutuan heldu zen FC Barcelonaren lehen entsegua, etxeko taldea jokalari bat gutxiagogaz zegoela, eta hiru minutura bigarrena egin zuen. Lopez basurdeak beste entsegu batekin erantzun zien, eta Pichlerrek transformatuta, 26-21ko markagailuagaz jarri ziren.
Hurrengo minutuetan erasoan gogor jokatu zuen etxeko taldeak, eta horregaz batera, defentsa lan sendoa erakutsi zuen.