2017an 20 langile hil direla salatuko du LABek gaurko egunean
Lan osasunaren nazioarteko egunean salaketa kalera aterako du LAB sindikatuak. 2017an dagoeneko hogei langile hil direla-eta, protesta egiteko ekimenak egingo ditu sindikatuak gaur eta bihar. Bermeon eta Lekeition egongo dira gaur, informazio orriak banatzen, kalean. Bihar, gauza bera egingo dute Ondarroan.
2017ak utzi dituen 20 langileen heriotzak ez ezik, ordu laurdenero lan gaixotasun edo istripuagatik langile batek baja hartzen duela ere jakinarazi du sindikatu abertzaleak. Hori guzti hori, eredu kapitalistaren ondorio dela dio LABek, eta, eredu horri aurre egiteko, burujabetza eta aldaketa soziala beharrezkoak direla. «Euskal langileok ezetz esan diogu prekarietatera, pobreziara eta miseriara kondenatzen gaituen hazkunde ekonomiko honi. Gau egun, estatu espainol eta frantsesak eskaintzen diguten bakarra hori da: prekarietatea, probrezia eta miseria», azaldu du sindikatuak prentsa oharrean.
Mobilizazioak. Hala, Maiatzaren Lehenean sindikatuak zabalduko duen aldarrikapena ere ildo beretik joango da. «Aurtongoa izan daiteke garai berri baten atariko Maiatzaren Lehena. Euskal Herrian eta gure mugetatik haratago ematen ari diren agertakariek aukera berriak zabaltzen dituzte: burujabetza prozesua abian jartzeko baldintzak badaude», aipatu du sindikatuak. Hala, astelehenean 12:00etan Bilboko?Zabalburutik abiatuko den manifestaziora joateko deia egiteagaz batera, domekan Lekeition egingo dutenera joateko ere eskatu du LABek. Prekarietateari marra gorria lemapean, Eskolapetik aterako da manifestazioa, 12:30ean.