Klubaren historian mutilen kadete eta gazte taldeek
lehenengoz jokatuko dute Euskal Ligan. “Beheko mailetatik jokatzen ari diren mutilak dira, eta azken urteetan hainbeste desio eta borrokatu dugun igoera da”, azaldu du Jose Luis Luzarraga klubeko presidenteak.
Iker Romero taldeko zuzendari teknikoak klubaren historian taldearen parte izan diren pertsonen eta entrenatzaileen lana eskertu eta goraipatu du, eta oraingo emaitzak guzti horien lanaren emaitza direla nabarmendu du.
Aurreko asteburuan (hilaren 21etik 23ra) Bermeoko
Arene kiroldegian lehiatu ziren etxeko taldea, Tolosa C.F Eskubaloia eta Gure Auzune Eskubaloia Gasteiz. Urdaibai ET-agaz batera, talde gipuzkoarrak ere lortu zuen Euskal Ligarako txartela.
Lehen jardunaldian, kadeteen mailan etxeko taldeak puntu bakarragatik galdu zuen Tolosaren kontra (31-30), eta gazte mailako taldea, ostera, 21-37 nagusitu zen Tolosaren kontra. Biharamunean gazte zein kadete mailetan Tolosak garaipena eskuratu zuen Gure Auzuneren kontra. Eta hirugarren jardunaldian, kadete mailako Urdaibai Isabelek 37-33 irabazi zion Gure Auzuneri, eta gazteen lehian, Urdaibai E.Tk 36-27 irabazi zion talde arabarrari.
Argazkia: Urdaibai Eskubaloi Taldea.
Klubeko zuzendaritza taldeak
denboraldian zehar jokalariek zein Pablo Garcia entrenatzaileak egindako lana azpimarratu dute, baita azken txanpa honetan Arantza Ruiloba entrenatzailearen laguntza ere.
Era berean, lorpena klubak umeen gaztetxoen
prestakuntzan egindako “apustuaren emaitza” dela adierazi dute: “Azken urteetan belaunaldi berriak prestatzeko jarritako helburuak lortzen ari gara”.
Gazte eta kadete mailetako emaitza onekin batera, maila guztietan mutilen zein nesken taldeetan
lortutako emaitzak nabarmendu ditu klubak. Esaterako, emakumeen gazte eta kadete taldeek Euskal Ligara igotzeko kanporaketak jokatu zituzten orain dela pare bat aste. Ez zuten igoera txartelik eskuratu, baina, egindako lana goraipatzekoa dela zehaztu dute. Gainera, bi taldeak bigarren sailkatu ziren Bizkaiko Txapelketan.
Seniorrak Mundakan
Bestalde,
mutilen senior taldeak kopako lehen faseko partida jokatu zuen zapatuan, Mundakako Isla Kale Kiroldegian, eta 33-29 nagusitu zitzaion Mungia-Butroi taldeari. Ondorioz, A multzoko lehena izan da, eta bigarren faserako sailkatu da.