Bermeoko Udalak parte hartze prozesua ireki du, 200.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko
2017rako aurrekontuetan, Bermeoko Udalak 200.000 euroko partida bat aurreikusi du prozesu parte hartzailea egiteko, eta prozesu hori martxan jarri dute. Hala, herritarrek diru kopuru hori zertan inbertitu erabaki ahalko dute. Parte hartze prozesua udal gobernuak eta Guzanek elkarlanean garatu dute, bien arteko akordio baten emaitza baita.
Bermeon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako edozein herritarrek aurkeztu ahalko ditu proposamenak; horiek aurkezteko azken eguna maiatzaren 14a izango da. Proposamenak, bestalde, hiru modutara aurkez daitezkeela azaldu dute udaletik. Berhaz bulegora eroan daitezke, erabaki.bermeo.eus webgunean dagoen inprimakia beteta ere egin ahalko da, edota antolatuko dituzten bileretan parte hartzeko aukera ere badago.
Proposamenenak, ezinbestean, inbertsioak egiteko izan beharko direla jakinarazi dute (azpiegiturak, obrak, berreraikitzeak, konponketak, proiektuen idazketa…); bermeotarren interes orokorrari erantzun beharrekoak izan beharko direla gaineratuta.
Herritarren proposamenak tekniko eta talde politikoen ordezkariekin osatutako mahai batek aztertu eta baloratuko ditu, eta honako irizpideak izango dituzte kontuan: interes publikoari erantzutea, udalaren konpetentzia izatea, teknikoki bideragarria izatea, aurreikusitako diru kopuruarekin bateragarria izatea eta inbertsio motako proposamena izatea.
Mahai horretan oniritzia jasotzen duten proiektuak bozketa fasera pasako dira, eta horiek publiko egingo dituzte, herritarrei proiektu ezberdinei buruzko informazioa emanik. Proiektu horien gaineko azken erabakia bozketa bidez ebatziko dela azaldu dute udaletik.
Bozketan 16 urte bete dituzten eta Bermeon erroldatuta dauden herritarrek parte hartu ahalko dute. Bozketa epean, udalak hainbat hautestontzi jarriko ditu herritarren eskura, herriko hainbat puntutan.
Bozketako emaitzak «lotesleak» izango direla diote, eta, beraz, boto gehien lortu duen proiektua exekutatu beharko du udalak.
Azaldu dutenez, aukeratutako proiektuen exekuzioan herritarren partaidetza bermatzeko formulak bilatuko dituzte, eta prozesu guztiaren informazioa zabalduko dute aurrekontu parte hartzaileen webgune zein Bermeoko Udalak bere eskura dituen kanal guztietatik.
Udal arduradunek herritar guztiak gonbidatu dituzte aipatu parte hartze prozesuan parte hartzera.