Arratzuko Gau Trailean aurretik izena emateko azken eguna da bihar
Zapatuko probarako herrikrosa.eus wegbgunean izena eman behar da. Izena ematerakoan 15 euro ordaindu behar dira (federatuek 13 euro). Aurretik izena ematen dutenek opari gehigarri bat jasoko dutela jakitera eman dute antolatzaileek.
Zapatu arratsaldean ere izena eman ahalko da, 18:30etik aurrera.
17 kilometroko martxa eta lasterketa egiteko aukera dago. 20:30ean irtengo dira martxako partaideak, eta korrikalariak, berriz, 21:30ean. Arratzuko Loiola auzotik irtengo dira; udaletxe aurreko plazan izango dute irteera eta helmuga.
Mendiaz bete-betean gozatzeko eguraldia lagun izango dutela-eta, proban parte hartzeko deia luzatu dute antolatzaileek. 200 bat pertsona espero dituztela esan dute.
Lasterketari dagokionez, nesketan zein mutiletan lehen hiru sailkatuentzat sariak egongo dira. Irabazleek txapelagaz batera, kandelak gordetzeko faroltxo itxurako oroigarri dotoreak jasoko dituzte, eta bigarren eta hirugarren sailkatuei ere oroigarriak emango dizkiete.
Laugarren urtez antolatu dute proba. Iaz Arkaitz Zaldunbide eta Zuriñe Frutos izan ziren azkarrenak. Hain zuzen ere, emakumezkoetan Frutosek urtero irabazi du lasterketa. Iaz, esaterako, ordu bete, 51 minutu eta 18 segundotan burutu zuen ibilbidea. Zaldunbidek, berriz, ordu bete, 31 minutu, eta 35 segundoko denbora markatu zuen.