Alde Zaharreko lore lehiaketa antolatu dute bigarren urtez
Aurten, 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako argazki lehiaketa ere antolatu dute. Lehiaketei hasiera emateko, lore azoka eta paella erraldoia egongo dira zapatuanBermeoko Udalak, herriko hainbat elkartegaz elkarlanean, Alde Zaharreko balkoi, le...
Aurten, 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako argazki lehiaketa ere antolatu dute. Lehiaketei hasiera emateko, lore azoka eta paella erraldoia egongo dira zapatuan
Bermeoko Udalak, herriko hainbat elkartegaz elkarlanean, Alde Zaharreko balkoi, leiho eta fatxadetako lore lehiaketa antolatu du bigarren urtez. Alde Zaharra koloreztatu gura dute, eta, era berean, bizitasuna eman, «Alde Zaharreko nortasuna eta edertasuna agerian jartzeko», esan du Irune Ormaetxea Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotziak.Lore lehiaketaren baitan, aurten bi maila egongo direla azaldu dute, iaz, hiru maila egon baitziren. Batetik, balkoi-leiho kategoria egongo da, eta, bestetik, fatxadena. Azken kategoria horretan parte hartzen dutenek kalera ematen duten etxe guztiek parte hartu beharko dutela jakinarazi dute.
Lehiaketan parte hartu gura dutenek Berualan edota Bermeoko lora dendetan eman beharko dute izena, eta maiatzaren 31 izango da horretarako azken eguna. Epaimahaia ekainaren 1ean joango da lehiaketako parte hartzaileen lanak ikustera. Diotenez, «bizitasuna, edertasuna eta osotasuna» kontuan hartuko dituzte erabakia hartzerako orduan.
Fatxadarik ederrenak 200 euroko saria jasoko du. Etxebizitza bakoitzeko arduradunak, beste alde batetik, Aita Guria baleontzirako bi lagunentzako sarbide berezia jasoko du; 2017an, nahi beste aldiz sartu ahalko dute. Balkoi edo leihorik ederrenak, berriz, 100 euro eta Aita Guria baleontzirako sarbide berezia jasoko ditu.
Bi gai garatu
Aurten, gainera, Bermeon bizi edo ikasten dauden 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako argazki lehiaketa antolatu dute. Argazkietan bi gai garatu beharko dituzte parte hartzaileek: batetik, Alde Zaharreko txoko kuttun bat atera beharko dute; eta, bestetik, Alde Zaharra hobetzeko proposamen bat jaso beharko dute argazki batean.
Gai bakoitzeko argazki bakarra aurkeztu ahal izango dute parte hartzaileek, eta, derrigorrez, maila bietan parte hartu beharko dute.
2017argazkiak@bermeo.eus helbide elektronikora bidali beharko dira argazkiak. Gai modura ‘2017argazki lehiaketa’ jarri beharko dute, eta honako datuak bidali beharko dituzte: izen-abizenak, jaioteguna, harremanetarako telefono zenbakia eta argazki bakoitzari dagokion gaia. Lan guztiek konfirmazioa jasoko dutela adierazi dute antolatzaileek.
Argazki irabazleen egileek 100 euroko bonu bat jasoko dute argazki edo bideo materiala erosteko, bai eta Aita Guria baleontzirako sarrera berezia ere.
Argazkiak jasotzeko epea apirilaren 29tik maiatzaren 31ra izango dela jakinarazi dute. Epaileek ekainaren 1ean ikusiko dituzte parte hartzaileek aurkeztutako argazkiak.
Ikasleen marrazkiak
Iaz egin bezala, aurten ere, lehiaketei hasiera emateko, zapatuan, lore erakusketa eta azoka egongo da, 11:00etatik 15:00etara, Goiko Plazan.
Zapatuan, gainera, herriko eskoletako umeen marrazki onenen erakusketa ikusgai egongo da Goiko Plazan, eta sariak ere banatuko dituzte. Bestalde, hilabete honetan Alde Zaharreko dendetan erakutsitako artelanei buruzko fitxategiak bete dituzten horiei ere oparitxoak banatuko dizkiete.
Bestalde, Alde Zaharra bizirik elkarteak antolatuta, Goiko Plazan bertan txosna eta paella erraldoia ere egongo dira.
Honakoak dira udalagaz batera ekimenean parte hartuko duten elkarteak: Alde Zaharra Bizirik, Alde Zaharreko ostalarien elkartea, Haitz Nagusije, Berton eta Bermeoko loradendak.