Hamahirugarren urtez eman dituzte aurten Gernika Sariak. 1937ko apirilaren 26an gertatutakoa atzean utzita, 80 urte beranduago, bakearen eta berradiskidetzearen alde eginez, herria berreraiki dutela esan dute sari banaketa ekitaldian. Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok hartu du hitza sariak eman aurretik. Justizia eta memoria izan ditu hizpide, Gernikan gertatu zenari buruzko galderei erantzuna emateko duten garrantzia aipatuta. Mina eta doluari aurre egiteko, parkamena eta berradiskidetzea beharrezkoak direla esan du, baina ez dela ahaztu behar.

Parkatzeko, biktimak bere egia jakin behar duela esan du, eta gertatutakoa oroitu.
Beste Gernikak ere gogoan izan ditu gaur alkateak, eta minutu bateko isilunea eskatu du gaur egun gerretatik ihesi ari diren errefuxiatuentzat.
Gerrak eta bake prozesua. Gervasio Sanchez fotokazetariak, Kolonbiako presidente Juan Manuel Santosek eta FARCeko buru Rodrigo Londoñok hartu dituzte 2017ko Gernika Sariak. Azken bi horiek ezin izan dute Gernikan egon gaur. Santosen ordez, Kolonbiako Bakerako Goi Mandatari Sergio Jaramillok hartu du saria, eta Enrique Santiago abokatu eta FARCeko aholkulari juridikoak, Londoñoren ordez.
Sanchezek mundu zabaleko gerrak eta gatazkak erretratatu ditu, eta bere lanarekin bakearen alde egindakoa aitortu gura izan diote gaur, Gernika Saria emanez. Pforzheimeko alkate Rolf Constantinen eskutik hartu du saria. Sanchezek esan du ohore bat dela saria hartzea, eta mundu zabaleko gerrak aipatuta esan du horien atzean daudenak “munstroak” direla, pertsona gupidabeak direla, bestela, ez legokeela gerrarik. “Baina, arazoa da exekutatzen, seinalatzen, krimenak isiltzen eta gertakari odoltsuak protagonizatzen dituztenak gu bezalako pertsonak direla”, gaineratu du.

Gervasio Sanchez
Bakea egitea, gaur egun, gerra egitea baino zailagoa dela esan du kazetariak, eta bake egoerara heltzeko beharrezkoak direla memoria, egia eta justizia.
Monica Paola neska kolonbiarrari dedikatu dio saria. Zazpi urte zituela, eskolatik bueltan, pertsonen kontrako lurpeko bonba bat zapaldu eta eztanda egin zion, larri zaurituz. Gaur egun 21 urte ditu, eta urte hauetan guztietan Gobernuak eta egoera horren arduradunek erakutsi duten utzikeria salatu du Sanchezek, biktimak laguntzea eta haiei omentzea ere bakea dela esanez.
Kolonbiak 52 urteko gatazka atzean utzi eta bake prozesua sinatu zuten 2016ko abuztuan Gobernuak eta FARCek. Gorroñoren eskutik hartu dute saria Jaramillok eta Santiagok.
Jaramilloren esanetan, 50 urtez luzatutako gatazka amaitzea zaila da, baita bakea errotzea ere. Saria eskertu du, eta esker oneko berbak izan ditu, baita, Rajoyren gobernuarentzat, Kolonbiako bake prozesuari emandako babesagatik. Era berean, Kolonbian bake prozesua martxan jartzeko Santosek berebiziko papera jokatu zuela esan du, unean-unean egin beharrekoa egin zuelako.

Sergio Jaramillo
FARCen jarrera ere txalotu du Jaramillok, bakearen aldeko lanean erakutsi duen konpromisoagatik. Eta biktimak ere gogoan izan ditu, azken urteetan erakutsi duten lidergo moralagatik, eta bake prozesuari babesa emateagatik. Hain zuzen, bake prozesuak biktimak onartzea ekarriko duela esan du Jaramillok. Oroimen kolektiboa eraiki behar dutela esan du, bake prozesuan atzera ez egiteko. Santiagok hartu du hitza ondoren, eskerrak emanez Gernikako herriari eta herritarrei. Londoñoren hitzak irakurri ditu, FARCeko buruak Gernikara etortzeko baimenekin arazoak izan dituela azaldu ostean.

Enrique Santiago
Londoñok, bidalitako gutunean, esan du Gernikan egoteko asmoa zuela, baina Kolonbiak bidaiatzeko baimenik ez diola eman salatu du. FARCek bakearen alde asko egin duela esan du Londoñok, eta Gobernuak lehen negoziazioak hastea onartu orduko 20 urteko gatazka bizi izan zutela gogoratu. Gaur egun, bake prozesuak politikan jarduteko aukera eman behar duela aipatu du, biolentzia politikoarekin amaitzeko eta paramilitarren jardunarekin amaitzeko.
Nekazarien egoera gogora ekarri, eta bizirauteko marihuana edo koka landatzen zebiltzanentzat programak bideratuko dituztela esan du, legez kanpoko jarduerak albo batera uzteko.
Biktimak eta haien eskubideak onartuko eta errespetatuko duen bake prozesua eskatu du, Kolonbiari bakean eta justizia oinarritutako etorkizuna emango diona. Izan ere, bake prozesua sinatu arren, azken urtean Kolonbiako gatazkak hainbat biktima utzi dituela gogoratu du Santiagok. 2016ko abuztuan bake prozesua sinatu zutenetik hil dituzten 80tik gorako biktimak izan ditu gogoan gaur, baita azken egunetan Kolonbian hil dituzten herritarrek ere. Gernika Saria haien omenez ere badela esan du.
FARCek erakunde militar izateari utziko diola berretsi du Londoñok Santiagoren bidez helarazitako hitzetan, eta armagabetzea NATOren gidaritzan egingo dutela.