Bermeoko Udalak, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean,
Alde Zaharreko balkoi, leiho eta fatxadetako lore lehiaketa antolatu du, bigarrenez.
Alde Zaharra koloreztatu gura dute, eta, era berean,
bizitasuna eman, “Alde Zaharreko nortasuna eta edertasuna agerian jartzeko”, esan du Irune Ormaetxea Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotziak.
Lore azoka, iaz
Lore lehiaketaren baitan,
aurten bi maila egongo dira.
Balkoi-leiho kategoria eta fatxadak. Fatxaden kategorian parte hartzen dutenek, kalera ematen duten etxe guztiek parte hartu beharko dute.
Lehiaketan parte hartu gura dutenek
Berualan edota Bermeoko loradendetan eman beharko dute izena, eta maiatzaren 31a izango da horretarako azken eguna.
Epaimahaia ekainaren 1ean joango da lehiaketako parte hartzaileen lanak ikustera. Diotenez, “bizitasuna, edertasuna eta osotasuna” kontuan hartuko dituzte erabakia hartzerako orduan.
Fatxadarik ederrenak 200 euroko saria jasoko du. Etxebizitza bakoitzeko arduradunak, bestalde,
Aita Guria baleontzirako bi lagunentzako pase berezia jasoko du; 2017an, nahi beste aldiz sartu ahalko dute.
Balkoi edo leihorik ederrenak, berriz, 100 euro eta
Aita Guria baleontzirako pase berezia jasoko ditu.
Argazki lehiaketa. Aurten, gainera,
Bermeon bizi edo ikasten dauden 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako argazki lehiaketa antolatu dute. Argazkietan
bi gai garatu beharko dituzte parte hartzaileek: batetik, Alde Zaharreko txoko kuttun bat atera beharko dute; eta, bestetik, Alde Zaharra hobetzeko proposamen bat jaso beharko dute. Gai bakoitzeko argazki bakarra aurkeztu ahalko dute parte hartzaileek, eta,
derrigorrez, maila bietan parte hartu beharko dute.
Lehiaketarako argazkiak
2017argazkiak@bermeo.eus helbide elektronikora bidali beharko dira. Gai modura “2017argazki lehiaketa” jarri beharko dute eta honako datuak bidali beharko dituzte: izen-abizenak, jaioteguna, harremanetarako telefono zenbakia eta argazki bakoitzari dagokion gaia. Lan guztiek konfirmazioa jasoko dutela adierazi dute.
Argazki irabazleek 100 euroko bonu bat jasoko dute argazki edo bideo materiala erosteko eta
Aita Guria baleontzirako pase berezia.
Argazkiak jasotzeko epea
apirilaren 29tik maiatzaren 31ra izango da. Epaileek ekainaren 1ean ikusiko dituzte parte hartzaileek aurkeztutako argazkiak.
Lore azokagaz hasiera. Iaz egin bezala, aurten ere, lehiaketeei hasiera emateko, zapatuan,
lore erakusketa eta azoka egingo dute
11:00etatik 15:00etara, Goiko Plazan. Zapatuan, gainera,
herriko eskoletako umeen marrazki onenen erakusketa ikusgai egongo da Goiko Plazan, eta sariak ere banatuko dituzte. Bestalde, hilabete honetan Alde Zaharreko dendetan erakutsitako artelanei buruzko fitxategiak bete dituzten horiei ere oparitxoak banatuko dizkiete.
Alde Zaharra bizirik elkarteak antolatuta, Goiko Plazan bertan,
txosna eta paella herrikoia ere egongo dira aukeran.
Honakoak dira udalagaz batera ekimenean parte hartu duten elkarteak: Alde Zaharra Bizirik, Alde Zaharreko ostalarien elkartea, Haitz Nagusije, Berton eta Bermeoko loradendak (Aintzane, Lourdes, Mila eta Txalintxu).