'Nire ahizpa perfektua' filma eskainiko dute barikuan Nestor Basterretxea aretoan
Filmazpit euskerazko azpitituludun zinema zabaltzeko programaren baitan, Nire ahizpa perfektua ikusteko aukera egongo da barikuan, apirilaren 28an, Bermeoko Nestor Basterretxea zinema aretoan. 19:00etan hasiko da emanaldia eta doakoa izango da.
95 minutuko iraupena dauka filmak eta jatorrizko hizkuntzak suediera eta ingelesa dira. Hala ere, Bermeon euskerazko azpitituluekin eskainiko da. Sanna Lenken zuzendariaren gidaritzapean, filma 2015ean estreinatu zen eta nerabezaroan ematen diran elikadura arazoen gaia lantzen du. Stella (Rebecka Josephson) nerabezaroko mundu liluragarrian sartzen denean, bere ahizpa eta eredu den Katjak (Amy Deasismont) elikadura arazoak ezkutatzen dituela ohartzen da. Gutxinaka, gaixotasunak familia bitan banatzen du. Jelosia, amodio eta traizioaz ari den istorio bat da; adeitasun, sakontasun eta umorez hamaika urteko neskato baten ikuspuntutik kontatua.