Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok harrera egin dio gaur Kolonbiako Bakerako Goi Mandatari Sergio Jaramillo Carori. Jakinarazi dutenez, Jaramillok hartuko du bihar Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Gernika saria, Kolonbiako presidentearen ordez.
Sari banaketa Lizeo antzokian egingo dute bihar, 12:00etan. FARCeko buru Rodrigo Londoñoren ordez, Enrique Santiago abokatua izango da bihar saria hartzen. Bi horiekin batera, Gervasio Sanchez fotokazetariak ere hartuko du bihar Gernika Saria.
Jaramillok Kolonbiako bake prozesuari buruz hitzaldia emango du gaur iluntzean, Elai-Alai aretoan. Aurretik komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan esan du itxaropentsu hartu zuela ETAren armagabetzea, baina ez du adierazpenik egin nahi izan PPren gobernuak bake prozesuarekiko erakutsi duen jarrerari buruz, Espainiak, bake prozesuan, Kolonbiari babesa ematen diola gaineratuz.