Gazte Plana osatzeko ekimena jarri dute martxan
Parte hartze prozesuaren barruan lehen bilera egin dute, eta hilaren 28an izango da hurrengoa. Hiritik At kooperatibaren zerbitzua kontratatu du udalak A.M.M.Berritxu Gazteok Einaz parte hartze prozesuaren bitartez osatuko dute Gazte Plana Berriatuan, ...
Parte hartze prozesuaren barruan lehen bilera egin dute, eta hilaren 28an izango da hurrengoa. Hiritik At kooperatibaren zerbitzua kontratatu du udalak A.M.M.
Berritxu Gazteok Einaz parte hartze prozesuaren bitartez osatuko dute Gazte Plana Berriatuan, eta udal ordezkariek eta gazteek bariku arratsaldean egin zuten lehen bilera, Satorzulon.Berriatuko Udalak eraldaketa sozialerako espazio eta prozesuen sorkuntzan lan egiten duen Hiritik At kooperatibaren laguntza dauka, eta bertako eta udaleko ordezkariak batu ziren udalerriko gazteekin.
14-24 urte bitarteko gazteentzat zuzendutako plana izango da. «Tarte horretako gazteentzat eskaintza askorik ez dagoela ikusita, Gazte Plana haien parte hartzeagaz osatzea ezinbesteko ikusi genuen. Udalak haien eskariei erantzuna eman, eta haiei lagundu behar die», azaldu du Julene Garate zinegotziak.
Barikuko bileraren balorazio oso positiboa egin dute udal ordezkariek: «Parte hartze handia egon zen, eta dinamika desberdinak landu genituen. Hamazazpi gazte etorri ziren, baina badakigu batzuk ezin izan zutela hurbildu, eta prozesu honetan 30 bat gaztek parte hartuko dutela aurreikusten dugu».
Lehenengo hartu-emana elkar ezagutzeko baliatu zuten. Norbere burua aurkeztu, eta gazteek erabiltzen dituzten guneak identifikatu zituzten. Eta jolas moduan, hainbat dinamika egin zituzten.
Horrez gain, hemendik aurrerako bilerak ere bariku arratsaldetan egitea adostu zuten. Hala, hurrengo batzarra hilaren 28an egingo dute, 19:00etan.
Harremanak sendotuz
Gazte Planaren helburu nagusiak hauek dira: gaztetxea martxan berriro zelan ipini erabakitzea, gazteentzako espazio edo gune bat indartzea eta herriaren eta gazteen zein udalaren eta gazteen arteko harremanak sendotzea. «Gaztetxeak berriro zelan funtzionatu dezakeen zehaztu, eta era berean, eliza azpiko parkea gazteen gunea izatea nahi dugu».