Gazte Abertzaleak Gernikan bilduko dira apirilaren 14tik 16ra
Zapatuko nazio batzarrean euskal gazteriari eskaintza politiko erakargarria nola egin eztabaidatuko dute. Aberri Eguneko manifestazioan parte hartzeko deia egin duteEusko Alkartasunaren gazteek Nazio Batzarra egingo dute asteburu honetan, Gernika-Lumon...
Zapatuko nazio batzarrean euskal gazteriari eskaintza politiko erakargarria nola egin eztabaidatuko dute. Aberri Eguneko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute
Eusko Alkartasunaren gazteek Nazio Batzarra egingo dute asteburu honetan, Gernika-Lumon. Hain zuzen, EH Bilduren eta gazteen arteko harremanari buruz eztabaidatuko dutela jakinarazi dute.«Eztabaida euskal gazteriari eskaintza politiko erakargarri bat egiteko koalizioan beharrezkoak diren aldaketetan oinarrituko da», azaldu du gazte erakundeak.
Urtarrilaren 14an bildu zen Gazte Abertzaleen nazio batzordea, eta bertan onartu zuen EH Bilduren berrantolaketa prozesuaren inguruko barne eztabaidari hasiera ematea. Hain zuzen, koalizioak etorkizuneko erronkei aurre egiteko behar zituen aldaketez eztabaidatzea zen gazteen asmoa, eta, bereziki, gazteei eskaintza erakargarria luzatzea ere bazuen xede.
Lurralde, eskualde eta maila lokalera eraman dute Gazte Abertzaleek eztabaida, eta Nazio Batzarrak lau puntutan oinarritutako adostasuna onartu du erakundeak.
Lerroak
Batetik, EH Bildu koalizio elektoralaren figura «amortizatutzat» eman dute Gazte Abertzaleek, gehiagorako ematen ez duen formula mugatu eta estua dela iritzita. Ezkerreko independentismoak erronka politiko eta elektoralei aurre egiteko koalizioaren formula ez da lanabes egokia, EAko gazteen esanetan. Bestetik, EH Bilduren izaera estrategikoa babestearen alde egin dute.
Hirugarren, pertsona gazteen parte hartzerako eta ahalduntzerako EH Bilduren barnean gazte espazioaren sorrera ziurtatzea eskatzen dute, erakunde politikoetara lotutakoentzat eta ez daudenentzat. Gazte Abertzaleak erakundeak espazio horren antolamendua maila ezberdinetan eta bozeramaile parekideekin osatzea proposatu du.
Azkenik, EH Bilduren berrantolaketa prozesuan gehienezko inplikazioa eskatu diete gazteek Eusko Alkartasunaren militantziari eta zuzendaritzari.
Aberri asteburua
Apirilaren 16an Aberri Eguna Gernikan ospatuko du Independentista Sareak. Hala, Gernika Batzordeagaz batera deitu duten manifestazioan ere parte hartuko dute Gazte Abertzaleek.
Aberri Asteburua deitu diotenaren baitan, formakuntza saioak, eztabaidak edota bisita kultural eta politikoak egingo dituzte, besteak beste.
Hilaren 14tik 16ra, gainera, Kataluniako, Galiziako, Valentziako, Andaluziako, Galeseko eta Veneziako gazteen delegaritzak etorriko dira Gernika-Lumora. Gazte Abertzaleek esan legez, «Europako herri ezberdinen egoera eta borrokak ezagutzera emateko asmoz» gonbidatu dituzte.