Oinezkoentzako gune bihurtuko dute Torrontero
Torronteroko “bizi kalitatea hobetzeko eta inguruko jarduera hobetzeko” asmoz hartu du Bermeoko Udalak erabakia. Hala, astelehenetik aurrera, oinezkoentzako gune izango da Torrontero, eta zirkulaziora itxiko dute.
Zirkulaziora itxiko dituzten kaleak honako hauek izango dira: Andra Mari kalearen hasiera, Torrontero enparantza eta Ertzilla kalea. Astelehenetik aurrera, beraz, bertako bizilagunen eta garajeetako erabiltzaileen baimendutako ibilgailuak baino ezin izango dira sartu kale horietan. Horiez gain, bertan dauden establezimenduetan zerbitzua eskaini behar duten ibilgailuak ere sartu ahalko dute.
Zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarrolazak azaldu duenez, “Torrontero gune turistiko garrantzitsua da Bermeon, bertan Arrantzaleen Museoa eta Enrike Zubiaren eskulturak baitaude, eta asko dira egunero bertatik ibiltzen diren pertsonak; bermeotarrak zein bisitariak”.
Neurri horrekin Torronteroren egoera “hobetuko” dela uste dute udaletik, “erosoagoa izango da eta ibilgailuak sorrarazten dituzten arazoak saihestuko dira”.