Klasiko eta racing zaleen saltsa
Busturialdeko zein inguruko herrietako racing zaleak urteroko hitzorduan batu ziren zapatuan Ibarrurin. Ohi moduan, kostalderaino heldu zen haien motor hotsa.Urteroko hitzordua izan zuten racing zein auto klasikoen zaleek Muxikako Ibarruri auzoan zapat...
Busturialdeko zein inguruko herrietako racing zaleak urteroko hitzorduan batu ziren zapatuan Ibarrurin. Ohi moduan, kostalderaino heldu zen haien motor hotsa.
Urteroko hitzordua izan zuten racing zein auto klasikoen zaleek Muxikako Ibarruri auzoan zapatuan. Saltsamendi Kultur Taldeko kideen eskutik, V. Klasiko eta Racing Egunean batu ziren 70 eta 80 auto bitartean. Gehienak auto klasikoak izan ziren, «25 urtetik gorakoak asko egon ziren», zehaztu dute kultur taldeko kideek. Klasikoen artean, esate baterako, Renault Dauphine, Alpine bat, Porcshe bat, Ford Sierra RS Cosworth-ak batu ziren, eta racing autoetan nabarmentzekoak dira bi Subaru Imprezak. «Denetarik egon zen; iaz baino kalitate handiagoa eta barietate gehiago izan dugu, eta beste urte batez, giro itzela. Saltsa ikusgarria sortzen da».Antolatzaileak zein parte hartzaileak pozik eta urtez urte «indarra hartzen» hasi dela azaldu dute. Eskualdeko zaleak ez ezik Lea-Artibaiko eta Bizkaiko beste herri batzuetako jendea elkartu zen: «Inguruko jendeaz gain, Bizkaiko Klub Miniko presidentea egon zen beste kide bategaz, eta Etxebarritik, Ondarroatik, Ortuellatik edota Lutxanatik ere etorri ziren».
Ibarrurin 10:30ean irtenda, Munitibar, Mendata eta Ajangiz artean egin zuten lehenengo buelta. Gernikako Ipar tabernan hamaiketakoa jan ostean, Nabarnizerantz abiatu, eta handik Ereñora joan ziren. Ibarrangelura jaitsi, eta hondartzetako errepidetik bueltatu ziren.
Eguerdian Ibarrurin Zamudio Racing taldeko Iñigo Lazarok trialeko motorragaz erakustaldia eskaini zien frontoian. Antolatzaileen berbetan, «ikuskizun ederra» eskaini zuen, eta haren abileziak aho zabalik utzi zituen topaketaren parte hartzaileak zein bertan ziren auzotarrak.
Ostean, 75 bat lagunek bazkaldu zuten, eta beste behin bazkalosteko tertulia gauera arte luzatu zen askorentzat. «Urtero herriari bizia ematea izan da gure asmoa, eta bertoko jendea ere batu zen frontoiko erakustaldian. Horrek poztu egiten du. Herriko jendeak esan zigun aspaldian halakorik ez dela egon».