Herriko ume eta gazteentzako kirol jarduerak antolatu ditu udalak
Aste Santuko oporraldian aisialdi osasuntsua bultzatu aldera antolatu ditu jarduerak Mundakako Udalak. Gaur da izena emateko azken egunaMundakako neska-mutilek kirol jarduera ugari izango dituzte aukeran Aste Santuko oporraldian. Izan ere, Mundakako Ud...
Aste Santuko oporraldian aisialdi osasuntsua bultzatu aldera antolatu ditu jarduerak Mundakako Udalak. Gaur da izena emateko azken eguna
Mundakako neska-mutilek kirol jarduera ugari izango dituzte aukeran Aste Santuko oporraldian. Izan ere, Mundakako Udalak aisialdi osasuntsua bultzatu asmoz, programa zabal bat antolatu du.Apirilaren 10erako, 11erako, 18rako, 19rako eta 20rako antolatu dituzte, hain zuzen ere, kirol jarduerak. Udaleko arduradunek jakinarazi dutenez, jarduerak adinaren arabera banatuko dituzte, egun ezberdinetan.
Modu horretan, apirilaren 10ean eta 20an, skate praktikatzeko eta patinetan ibiltzeko aukera edukiko dute ume eta gazteek. Azaldu dutenez, zirkuitu bat jarriko dute Isla Kale kiroldegian. 10:30etik 12:00etara, 12 eta 16 urte bitartakoen txanda izango da, eta, 6 eta 11 urte bitartekoena, berriz, 12:00etatik 13:30era.
12 eta 16 urtekoentzat
Apirilaren 11rako Mundakako Udalak frontenis txapelketa antolatu du herriko frontoian. Txapelketa 10:30etik 13:00etara izango da, eta 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilek soilik parte hartu ahalko dute.
Apirilaren 18an futbola landuko dute. Teknifikazio tailer batean parte hartzeko aukera izango dute gura duten horiek guztiek. Aipatu tailerra 12 eta 16 urte bitartekoei zuzenduta dagoela jakinarazi dute, eta 10:30etik 12:00etara zango da.
Saskibaloiaren txanda izango da apirilaren 19an. 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilek saskibaloi partidak jokatzeko aukera izango dute Isla Kale kiroldegian
Kirola aisialdi legez
Mundakako alkate Aitor Egurrolak azaldutakoaren arabera, haur eta gazte osasuntsuak gura dituzte. «Horretarako, baina, kirola aisialdia modura bultzatu beharra daukagu, bai eta gozatzeko jarduera baten modura ere. Kirola egitean, gainera, lagunartekotasuna, errespetua eta diziplina lantzen dira».
Hala ere, udalak antolatu dituen kirol jarduera horietako batean parte hartu gura dutenek aurretiaz eman beharko dute izena, eta gaur da horretara azken eguna. Interesa duten horiek Isla Kale kiroldegian edota Turismo Bulegoan eman ahalko dute izena. Kirol tailerrak doan eskainiko dituzte.