Gernika RTk bihar lehiatuko du Euskal Ligaren azken jardunaldia
Bera Beraren kontrako partidagaz amaituko dute liga. Donostiako taldearen zelaia egoera onean ez dagoenez, Irunen (Gipuzkoa) jokatuko dute. 16:30ean hasiko da Plaiaundiko partida.
Euskal Ligaren B multzoko sailkapenean bigarren daude basurdeak, 17 puntugaz, eta biharko aurkaria sailkapeneko azkena da, 4 puntugaz. Marzola RC Rioja da multzoko sailkapen buru, 25 puntugaz. Orkli Ordizia sailkapeneko hirugarrenak 8 puntu ditu.
Basurdeek orain dela bi aste errioxarren kontra jokatu zuten etxeko denboraldiko azken partida, eta 22-10 nagusitu ziren. Hala, garaipenagaz amaitu gura dute liga, eta bihar donostiarrei irabazteko gogotsu daude.
Bestalde, A multzoan Escor Gaztedi da lehenengoa, 20 puntugaz, eta alde nabarmena dauka Durango-Uribe-Zornotza bigarrenarekiko. 9 puntu ditu bigarren sailkatuak, bost puntu ditu Avia Eibar RTk, eta lau puntu ditu Hernani CRE sailkapeneko azkenak.
Derbia Ohorezko Mailan
Bestalde, Ohorezko Mailan Getxo Artearen kontra jokatuko du Gernika RTk bihar, Paduran, 17:00etatik aurrera.
Denboraldiko azken aurreko jardunaldia da. Baina, basurdeei beste bi partida geratzen zaizkie. Izan ere, aurreko asteburuan talde gernikarrak eta Alcobendasek jokatu behar zuten partida, apirilaren 30era atzeratu dute.
Gaur gaurkoz, Gernika RT sailkapeneko zortzigarrena da, 34 puntugaz. Haren atzetik Hernani dago lau puntu gutxiagogaz, eta Getxo Artea hamargarrena da, 27 puntugaz. Sailkapeneko lehen postuetan El Salvador eta VRAC daude, 83na puntugaz.