Gaixo dauden presoen gaia landuko dute Amnistia Egunean
Amnistia Eguna antolatu dute Bermeon zapaturako, eta, aurten, gaixo dauden presoen egoerari buruzko hitzaldia antolatu dute. Hain zuzen, Gotzon Gogortzak Aitzol Gogortza anaiaren egoera azalduko du. Gogortzarekin batera hitza hartuko du Agurtzane Ezkerra preso ohiak. Ezkerrak ere gaixo eman zuen kartzelan egondako denbora.
Biek ere, gaur egun gaixo dauden presoek bizi duten egoera eta jasan behar dituzten baldintza gogorrak azalduko dituzte 12:00etan Kabidxe gune sozialean emango duten hitzaldian.
Ostean, elkarretaratzea deitu dute Amnistiaren Egunaren deitzaileek. Goiko plazan elkartuko dira, 13:30ean. Ostean, kalejiran aterako dira, trikitilariek lagunduta.
Musika gauean. Zapatuko aldarrikapena, baina, jai giroan egin gura dute. Horretarako, herri bazkaria antolatu dute, eta Kabidxen bazkalduko dute. Ostean, dantzarako tartea izango da, Garalatz taldearen musikaren erritmora.
Gauean, 20:00etatik aurrera, berriz, dj eta Gatom-en musikak hartuko du erreleboa, Goiko plazako kioskoan.