Ehunka partaide batuko dira
domekan Ereñoko Mendi Martxa eta lasterketan.
Martxetan parte hartu gura dutenek gaur dute Internet bidez izena emateko
azken eguna,
www.urdaibaikopa.eus webgunean.
Argazkia: Ereñoko Gerandape Kirol Kluba.
Martxa luzean 400 pertsonetako muga jarri dute, eta laburrean, ostera, 200 partaidetan dago muga. Beraz, kopuru horiek online bidezko izen emateekin gainditu ezean,
domekan izena eman ahalko da (14 euro martxarako eta 17 euro lasterketarako).
Ereñoko Gerandape Kirol Klubeko kideek ibilbideetan zenbait aldaketa egin dituzte.
Martxa laburrekoa berria da (hasierako sei kilometro inguru martxa luzearen berdinak izango dira), eta luzean ere ibilbide erdia aldatu dute.
Ibilbide luzeko eta lasterketako partaideek
21 kilometro egingo dituzte, eta martxa laburrak
10 kilometro izango ditu.
Martxa luzekoak izango dira goiztiarrenak.
08:30ean aterako dira Arita Berri Jatetxetik, eta ordu bete beranduago hasiko da korrikalarien lehia.
Martxa laburra egitera doazenentzat, berriz,
10:00etan ipini dute ordua.
Arita-Berrin irtenda besteak beste, Arrupe, Mendibil, Anbeko Koba, Ereñoko Ariztia, Geranda, Potoko Lezia, Mendi Txiki, Mendi Andiko, Galarregi, Bustarrigane, Gabika, Ibarrondo, Oma , Omako baso margotua, Kurtxiagana, Zabalotegi, Eleixu eta Ereñozarretik pasatuko dira.
Ibilbidean zehar
hiru hornidura gune egongo dira (martxa laburrean bi), horietatik bi edaridunak izango dira eta bestean janari-edariak ipiniko dituzte.
Goizeko lehen ordutik tabernak zabalik egongo dira gura duenak gosaldu ahal izateko.
Amaieran kopaua eskainiko dute, eta
dutxatzeko aukera egongo da.