Udal beharginek salatu dute aurrekontuen zirriborroak murrizketa duela langileria arloan
ELA eta LAB sindikatuko ordezkariek esan dutenez, 2017ko aurrekontuaren zirriborroak %3,30eko murrizketa aurreikusten du langileria arloko gastuetarako. Hain zuzen, 254.366,54 euro gutxiago bideratuko lituzke Gernika-Lumoko Udalak langileria arlora, zirriborroaren arabera. Hala, aurrekontu zirriborro hori “langileenganako probokazioa” dela esan dute sindikatuek.
“Sindikatuok egiten dugun irakurketa da udal gobernuak ez duela, printzipioz, balorazioa aplikatzeko inongo borondaterik, ezta EUDELek onar dezakeen balizko igoerarik ere”, aipatu dute. Are gehiago, aurreikuspen hori betetzeko modu bakarra enplegu publikoa suntsitzea dela esan dute ELA eta LABek: “erretiroak ez birjartzea, bajan dauden langileak ez ordezkatzea, edota lanpostuak amortizatzea”.
“Udal gobernuak ez due, printzipioz, balorazioa aplikatzeko inongo borondaterik, ezta EUDELek onar dezakeen balizko igoerarik ere”
Sindikatuen arabera, apirilaren 12an aurrekontuak onartzeko asmoa du udalak, baina langileen eskakizunak ez dituzte mahai gainean jarri. Martxoaren 29ko udalbatzarrean langileek aurkeztu zuten mozioari ezezkoa eman zion EAJk. Beraz, sindikatuek esan dutenez, “argi geratu da udal arduradunek ez dutela gai hau negoziatzeko inongo borondaterik”; eta udalaren jarrera “etsigarria” dela gaineratu dute. “Negoziatzeko borondate ezak langileekiko mespretxua besterik ez du adierazten”, esan dute.
Mobilizazioak gogortu. Udalbatzarrean aurkeztu zuten mozioa udal laangileek %95 baino gehiagoren babesa zuen. Gainera, enpleguaren gaiari heldu beharra ere azpimarratu dute sindikatuek. Dioetenez, 135 inguru dira udaleko eta erakunde autonomoetako langileak, baina, horietatik, %45 baino gehiago behin-behinekoak direla salatu dute. “Lanpostu horiek egonkortzeko eta behin-behinekotasunarekin eta prekarietatearekin amaitu beharra daukagu”, esan dute.
Egoera horren aurrean, mobilizazioak “gogortzea” beste biderik ez dutela diote ELAk eta LABek, uretrik urte beraien eskubideak errespeta ditzaten.