Sollubeko monumentua kentzeko baimena eskatu du udalak
Bermeoko Udalak Sollubeko frankismo garaiko monumentua kentzeko baimena eskatu dio aldundiari, «monumentua bere lurretan baitago».Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak azaldu duenez, «diktadura frankista garaiko monumentua da Bermeoko udal mugarte...
Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak azaldu duenez, «diktadura frankista garaiko monumentua da Bermeoko udal mugartean dagoena. Sollubeko gudan indar armatu faxistek hildakoen omenez eraikitako monumentu oroigarria da, hain zuzen ere».
Legeak baimendu
Ibarrolazak gogorarazi duenez, 36ko gerran eta diktaduran pertsekuzioa eta biolentzia jasan zutenen aldeko eskubideak onartu eta gehitu eta euren aldeko neurriak arautzen dituen Estatuko 52/2007 Legeak horrelako monumentuak kentzeko aukera ematen du. Hala, dioenez, Bermeoko Udalak «aukera edukiko luke aipatutako monumentua kentzeko».
Hala ere, aipatu monumentua lur pribatuan dagoela zehaztu du, eta kasu horietan, 52/2007 Legearen arabera, «ezer egin aurretik baimena eskatu behar zaio lurraren jabeari».
Kasu honetan, lurraren jabea Bizkaiko Foru Aldundia denez, monumentua kentzeko baimena eskatu diote. Aldundiaren erantzuna baiezkoa izatea espero dutela esan du Ibarrolazak, «ahalik-eta arinen kendu ahal izateko».