Eskuz esku Euskal Herriko hamaika txoko zeharkatu ostean, Korrikaren lekukoa Eatik heldu da Busturialdera. Bedarutarrak izan dira lekukoa hartzen lehenak, eta arratsaldean bertoko errepide eta kaleak ilusioz betetzeko gogotsu sartu da eskualdera.
Herriz herri, norbere herrian zein ingurukoetan korrika egiteko prest egon dira herritarrak. Elantxobe, Ibarrangelu, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi eta Arratzu pasatuta heldu da Gernika-Lumora. Beste urte batez jendetza batu da Gernika-Lumoko kaleetan.
Foru, Murueta, Busturia, Sukarrieta eta Mundaka zeharkatu, eta Bermeon ere kaleak jendez bete dira bere zain. Eskuz, esku, irriz irriz, ilusioz bete ditu hango eta hemengo kale eta errepide bazterrak. Iluntzean Arane auzotik Bakiorantza abiatu da. Bermeoko Berbalaguneko eta Errigoitiko Udaleko ordezkariek egin dute Busturialdeko azken kilometroa, Bakiorako bidean.
Orain arteko argazkiak