Emakumezkoen Ligaren 2016-2017 denboraldiko azken jardunaldiko partida guztiak egun eta ordu berean jokatuko dituzte.
Bihar, 19:00etatik aurrera lehiatuko dira. Gernika-Lumoko taldeak
Star Center-Uni Ferrolen kantxa bisitatuko du.
Biharko jardunaldiaren ostean, ligako garaipena eskuratzeko
play offak jokatuko dituzte.
Yaiza Lazaro zapatuko Malosteko partidan.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Gernika-Lumoko taldeak aurreko jardunaldian ziurtatu zuen sailkapeneko
hirugarren postua (41 puntu ditu), eta biharko aurkari galiziarra laugarrena da, 39 puntugaz.
Haren atzetik puntu bakarrera daude Lacturale Araski, Cadi La Seu eta IDK Gipuzkoa. Beraz, talde horientzat emozioz beterikoa izango da biharko jardunaldia.
Bestalde, Perfumerias
Avenida da sailkapen buru, 49 puntugaz eta hiru puntu gutxiago ditu Spar Citylift Gironak.
Emaitzak hobetzen
Hirugarren denboraldia bete du talde gernikarrak mailarik gorenean, eta aurreko urteetako emaitzak hobetu ditu oraingoan.
Aurreko bi denboraldietan seigarren amaitu zuen denboraldia. Emakumezkoen Ligan debutatu zuen denboraldia 14 garaipen eta 12 porrotekin amaitu zuen, eta iaz 16 partida irabazi eta 10 galdu zituen. Denboraldi honetan
16 garaipen daramatza, eta bederatzi porrot.
Biharkoa denboraldiko “tentsio gutxieneko partida” izan arren, irabaztera kantxaratuko da taldea. “Aurreko denboraldia hobetzea izan da beti helburua. Pauso txikiak, baina sendoak emanez, eta zoratu barik”, adierazi du Mario Lopez entrenatzaileak. Jokalariek egindako lanagaz “harro” dago, eta
taldearen eta zaleen arteko “batasuna” nabarmendu du.