Eraberritze lanak amaituta, ostera ere erabilgarri dago Bolatokia
Isolatze termikoa eta geotermia sistema jarri dituzte. Egunerokotasunean erabilera anitza ematea da udalaren nahia, eta herritarren artean adostuko duteNatxituko Bolatokia herritarrek erabiltzeko moduan dago dagoeneko. Orain arte moduan, askotariko era...
Isolatze termikoa eta geotermia sistema jarri dituzte. Egunerokotasunean erabilera anitza ematea da udalaren nahia, eta herritarren artean adostuko dute
Natxituko Bolatokia herritarrek erabiltzeko moduan dago dagoeneko. Orain arte moduan, askotariko erabilera gunea izatea da herritarren zein udalaren asmoa, baina, Iratxe Arriola Eako alkatearen berbetan, eraberritze lanekin espazio «gozoagoa eta atseginagoa» sortu nahi izan dute, herritarrak erosoago egoteko. Egunerokotasuneko erabilera izatea nahi dute, familia, gazte zein helduentzako topagunea, eta espazioari ahalik-eta erabilera handiena ematea da asmoa.Alde batetik, hotzaren kontrako neurri batzuk hartu dituzte. Material ekologikoekin hormetan isolatze termikoa jarri dute, eta baita teilatuan ere, eta leihoetan kristal bikoitzak jarri dituzte. Bestetik, argitasun gehiago sartzeko hegoaldera beirateak zabaldu dizkiote. «Horrela eguzkiak berotasuna eta argitasuna ematen ditu orain».
Gasolio bidezko berogailu sistemaren ordez, geotermia sistema dute orain. Zehatz esateko, zoru bero-emaile bidezko berokuntza jarri dute. «Lur azpiko berotasuna aprobetxatuta, sistema errentagarriagoa lortu dugu». Bestalde, sartzeko txartel bidezko sistema ipini dute.
Zapatu eguerdian egindako inaugurazioan geotermiako teknikariek sistemak zelan funtzionatzen duen eta haren onurak azaldu zizkieten natxituarrei.
Era berean, udal ordezkariek lanak egitearen arrazoiak, finantzaketa modua, eta haiek Bolatokiak izatea gura duten funtzioa zehaztu zituzten. «Herritarrek egunero ekintza desberdinetarako erabili dezaketen gunea izatea nahi dugu, eta erabilera herritarren artean adostea».
Apirilaren 22an batzarra
Horretarako, apirilaren 22an batzartuko dira, eta herritarrek haien proposamenak eroango dituzte. Gunea herritarrengandik autogestionatua izatea nahi badute, udalak gutxieneko baldintzak zehaztu beharko dituela adierazi du Arriolak. Adibidez, herritar denek sarbidea izatea eta espazioa egoki eta garbi kontserbatzea eta mantentzea.
Udalak erakunde publikoengandik diru laguntzak lortzeko proiektu desberdinak aurkeztu zituen. «Eusko Jaurlaritzatik, aldunditik eta Energiaren Euskal Erakundetik diru laguntza lortu ditugu, eta ia %100 diru laguntza publikoagaz finantzatu da», azaldu du Eako alkateak. Lanetarako 90.000 euro inguruko aurrekontua izan dute, eta geotermia sistema jartzea 18.000 bat euro kostatu zaie.