Zapatuan Bilboko Kirol Klubaren frontoian lehiatu zituzten Boxeo Olinpikoko kategoria desberdinetako finalak, eta bermeotarrak
Iker Gimenez mendean hartzea lortu zuen MT Boxing kategorian, pisu arinean.
Dominguez semea bere entrenatzailearekin. Argazkia: Eusko Box
Hiru minutuko hiru borrokaldi egin zituzten eta epaileek hirugarrenean eman zioten garaipena. Urduri egon arren,
gogotsu igo zen
ring-era, eta gogor borrokatu zuen. “Hasieran urduri egon zen, baina borrokaldi oso ona egin zuen. Daukan adinerako ederto moldatzen da”, azaldu du Andoni Dominguez aitak.
Iaz Bizkaiko eta Euskadiko Txapelketak irabazi zituen, eta Espainiakoan brontzezko domina eskuratu zuen. Horregatik, haren helburua aurten hirurak irabaztea dela zehaztu du aitak: “Aurrekoan esan zidan Españako txapelketa irabazi gura duela. Gogo eta ilusio handia du”.
Apirilaren 8an Soraluzen (Gipuzkoa) jokatuko du Euskadiko Txapelketa, eta Espainiakoa udan izango da, baina momentuz ez dute lekua eta data zehaztu.
Bestalde,
Dominguez aitak Asier Martinen kontra borrokatu zuen elite mailako pisu ertaineko finala, eta epaileen iritzi desberdinen ostean, Martini eman zioten garaipena. Erabakia ez zuten aho batez hartu; bi epailek Martinen alde egin zuten, eta beste batek Dominguezen alde.
Dominguezek
garaipena merezi zuela uste du: “Erabakiak harritu ninduen, eta baita ikusleak ere. Publikoa ere zen ados egon, eta kontrako txistu eta ohi asko entzun ziren frontoian”. Dioenez, irabazle sentitu zen. Lehen borrokaldia lehiatua izan zela azaldu du, baina bigarrenetik aurrera aurkaria baino hobeto moldatu zela argi dauka.
Laugarren urtez jarraian borrokatu du finala, eta oraingoan irabaztea espero bazuen ere, egindako lanagaz “harro” dago, eta orain arte moduan boxeoagaz disfrutatzen eta entrenamenduekin zein borrokaldiekin disfrutatzen jarraitzeko gogotsu dagoela nabarmendu du: “Txapelketaren kanporaketak aurkari gogorren kontra izan dira, eta finalerako motibazio berezia nuen. Baina galdu arren adoretsu jarraitzen dut”.
Bermeotik zale asko hurbildu zen Bilbora, eta Dominguezek haien babesa eta animo oihuak eskertu ditu: “Semea hasieran urduri egon zen, bazekielako senide, lagun eta ezagun asko zeudela, baina, aldi berean horrek borrokatzeko gogo eta indar gehiago eman zizkion”.
Aita-semeek leku eta egun berean borrokatzen zuten bigarren biderra izan zen, eta esperientzia “polita eta ahaztezina” izan dela nabarmendu dute. Gainera, haien klubak eskuratu ditu domina gehien; urrezko lau domina (hiru junior mailetan eta bat gazte mailan) eta zilarrezko bi (elite eta gazte mailetan) lortu dituzte.