Kepa Arrizabalaga Espainiako selekzioagaz ariko da
Espainiako futbol selekzioaren talde absolutura deitu dute Kepa Arrizabalaga Ondarroako atezaina. Asteon jakin du berria. Athleticeko jokalaria 21 urtez azpikoetara zegoen deituta, baina Pepe Reina atezainak min hartu ostean, hura ordezkatuz egongo da ...
Arrizabalagaz gain, Asier Illarramendi jokalari mutrikuarra ere Espainiako selekzioak deituta dago hurrengo partidetarako. Aurreaukeraketan Iñigo Martinez Real Sociedadeko jokalari ondarrutarra ere bazegoen, baina azkenean, deialditik kanpora geratu da.
Gaur eta martitzenean
Espainiako selekzioak partida bi jokatuko ditu asteon eta hurrengoan. Lehenengoa Israelgo selekzioaren kontra jokatuko dute, gaur iluntzean. Gijonen (Asturias) izango da partida, El Molinon zelaian, 20:45ean. Partida Errusian jokatuko den 2018ko Munduko Futbol Koparako baliagarria izango da.
Bigarren partida lagunartekoa izango da. Martxoaren 28an jokatuko dute Frantziako selekzioaren kontra, Saint Deniseko Stade de France zelaian. Hilaren 28ko norgehiagoka 21:00etan hasiko da.