II. Forutik-Forura BTT proban martxa luzea eta martxa laburra egiteko aukera dago
II. Forutik-Forura BTT?martxa domekan izango da, eta iazkoaren aldean hainbat berritasun izango ditu aurtengo probak.
14 urtetik 18 urtera artekoek parte ahalko dute, gurasoen baimena erakutsita.
Iaz 25 kilometroko ibilbide bakarra prestatu zuten, aurten, ostera, martxa luzea eta martxa laburra egiteko aukera eskaini dute antolatzaileek.
Ibilbide luzeena 33 kilometrokoa (1.300 metroko desnibel gehituagaz) izango da, eta laburrak, berriz, 20 kilometro izango ditu. Martxa laburra zein luzea egin, partaide guztiak 09:30ean irtengo dira.
Bart gauerdian itxi zuten Internet bidezko izen ematea. Hala ere, domekan bertan 08:30etik aurrera izena eman ahalko da, eta izena ematerakoan 20 euro ordaindu beharko dira.
Haitz Biribil Kultur Elkarteko kideek azaldu dutenez, ibilbidea iazko bera da, baina zati bat 8 kilometro luzatu dute. Foruan irtenda, Lumora igoko dira, eta handik Errigoitira ailegatuko dira. Gero, Errigoititik Busturira joan, eta hasitako leku berean amaituko dute proba.
Ibilbide gehiena mendi bideetatik egingo dute (%80), baina zenbait momentutan errepidetik pasatuko dira. Hain zuzen ere, azken egunotako euriaren ondorioz, martxaren azken zatia apur bat moldatu dute: “Tarte batean basa asko pilatu da, eta ezinezkoa da handik pasatzea, eta horregatik moldatu egin dugu. Ondorioz, azken zatia ez da hain gogorra izango”.
Edari eta janaridun anoa postua Baldatika auzoan ipiniko dute, gutxi gorabehera 20. kilometroan. Amaieran, berriz, hamaiketakoa jango dute, eta parte hartzaileen artean opariak banatuko dituzte.