Seber Altube ikastolako Izar Arronategi saritu dute R.M. Azkue literatur lehiaketan
Aurten ere, Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak antolatzen duten Resurreccion Maria Azkue Literatur Sarietan nagusitzea lortu dute bertoko gazteek. Hain zuzen, Gernika-Lumora joan da aurten sarietako bat, Seber Altube ikastolako Izar Arronategi Mugeta nagusitu baita 10 eta 13 urte bitartekoen artean, olerkiaren alorrean.
Aipatu sariek idazle gazteak literatura mundura erakartzea du helburu, eta horretarako antolatzen du urtero-urtero literatur lehiaketa. Bertan, Euskal Herriko neska-mutilek parte hartzen dute; aurten, esaterako, Arratzuko Barrutialde Institutukoak (1), Gernika-Lumoko Seber Altube ikastolakoak (28), Ondarroako Zubi Zahar ikastolakoak (1) eta Zaldupe eskola publikokoak (3)eta Lekeitioko BHIkoak (1) izan dira parte hartzaile guztien artean.
Guztira, 175 lagun izan dira 2016ko lehiaketan parte hartu duten ikasleak, eta kopuru horri garrantzia eman dio Euskaltzaindiak, handia delako. Zehaztu duenez, aurreko urteagaz alderatuta bikoiztu egin da parte hartzaileen kopurua –2015ean 88 parte hartzaile aurkeztu ziren lehiaketara–.
Hala, literatura eremuko pertsona adituek osatutako epaimahaiak idazle gazte horiek «berritzaile izateko duten gogoa» nabarmendu du, eta, era berean, edizio honetara aurkeztu dituzten lanen kalitatea ere azpimarratu nahi izan du.
Urtero legez, bi genero saritu dituzte aurten ere: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzeko parte hartzaileak, halaber, bi mailatan banatuta parte hartu dute: A mailan, 10 eta 13 urtera bitarteko gazteak batu dituzte, eta B mailan, 14 urtetik 17 urtera bitartekoak.
Hain zuzen ere, poesian lortu du Izar Arronategi gernikarrak, lehen saria, Zure beharra lanagaz.