Frantziako kartzeletako ikuskatzaileak sakabanaketaren ondorioez ohartarazi du
Adeline Hazan Frantziako Presondegien Ikuskatzaileak 2016ko txostena aurkeztu du, eta, horretan, sakabanaketak presoengan eta senideengan duen eragina jaso du. Hazanen arabera, sakabanaketak haien eskubideak urratzen ditu. Hain zuzen, ikuskatzaileak esan du sakabanaketa oso kaltegarria dela presoen eskubide horretarako.
Etxeratek modu baikorrean baloratu du Hazanek bere urteko txostenean jasotakoa. Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteak esan duenez, txostenak, beste puntu askoren artean, euskal presoak sistematikoki beren senideengandik urrunduak direla jasotzen du, eta horrek familiekin lotura mantentzeko duten eskubidearen kontra jotzen duela.
Hazanek gaur argitaratu du 2016ko txostena, eta, han dioenez, sistematikoa da euskal presoak Euskal Herritik urruntzea. 2016. urte amaieran espetxean zeuden 81 euskal presoetatik %86 Hendaiatik 400 kilometrora edo gehiagora zeudela dio. Preso horiek euren senditik urrun daudela eta senideekin harremana izateko duten eskubidea urratu dela azaldu du, gainera. Busturialdeko presoen artean, Ibon Goieaskoetxea busturiarra eta Jabi Abaunza gernikarra dituzte preso Frantziako kartzeletan. Arlesen dago Goieaskoetxea, Euskal Herritik 750 kilometrora, eta Moulins-Yzeuren Abaunza, 800 kilometrora.
Hazanek François Hollande Frantziako presidenteari eta Asanblea Nazionaleko eta Senatuko presidenteei helaraziko die bere txostena datozen egunetan.