Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen laguntzagaz,
Sendotu arnasguneak gure herritik hasita izenburupean antolatu du udalak tailerra.
Eskolondon izango da tailerra.
18:00etan elkartuko dira Eskolondon, eta parte hartu nahi dutenek, telefono zenbaki honetara mezua bidaltzeko edo deitzeko eskatu dute: 649 35 48 34 edo bestela, helbide elektroniko honetara mezua idaztea:
kultura.ea@bizkaia.org.
Uemako teknikariekin euskararen ezagutzari eta erabilerari buruzko saio batean bildu ziren abenduaren 2an. Orduan,
ahulguneak eta indarguneak identifikatu zituzten, eta barikuko bigarren saio honetan, ondorio haiei erantzuteko
jarrerak eta baliabideak landuko dituzte. Hau da, arazoei irtenbidea emateko, eta indarguneak sendotzeko ekintza zehatzak proposatzea da barikuko tailerraren helburua.
Arritxu Zelaia Euskara eta Kultura zinegotziak azaldu duenez, lehenengo saio hartan, arnasguneei buruzko azalpenak eman zituzten UEMAko teknikariek, eta bertan bildutakoekin azken urteetan Ean euskararen
ezagutza zein erabilera jaitsi izanaren arrazoiak aztertu zituzten.
Lehenengo tailerrean parte hartu zutenek erabilera jaitsi izanagatik kezka handia erakutsi zuten, eta esaterako, zenbait gaztetxok eta gurasok gazteleraz berba egiteko joera nabarmena dutela ikusi zuten. Halaber, erabilerari dagokionez,
Ean, Natxituan eta Bedaronan egoera desberdina dutela ondorioztatu zuten.
Bestalde, indarguneei dagokienez, egunerokotasunean herriko euskaran “erreferente” diren herritarrak daudela, eta era berean, badirela euskaraz jarduten duten kuadrilla osoak aztertu zuten.
Erreferente diren bizilagun horiek gonbidatu zituzten lehenengo saiora, eta bigarrenerako ere gonbidapen gutuna jaso dute.