Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek
Bermeoko Udalaren kudeaketaren berri eman nahi die herriko auzoetako bizilagunei. Horregatik,
agerraldi bat antolatu du
barikurako.
Almikako aterpetxean izango dela esan du,
19:00etan.
Bermeoko Udaleko ordezkariak auzo alkateekin. Argazkia: Bermeoko udala
Almikako agerraldian udalaren kudeaketaz ariko da alkatea, martxan jarri diren proiektuen berri emango die, eta etorkizunari begira egin beharreko proiektuez ere ariko dela azaldu dute udaletik.
Alkateak azalpenak eman ondoren,
auzoetako bizilagunek euren iritziak plazaratzeko aukera edukiko dute, bai eta
galderak eta kezkak adierazteko aukera eduki ere. Jakinarazi dutenez, udal gobernuko kideek herritarrek egindako galderei erantzuna ematen saiatuko dira.
Hala,
auzotar guztiak gonbidatzen dituzte agerraldian parte hartzera, “Bermeo, gure herria, danon artean eraikitzeko”.
Auzo alkateekin batzarra. Bestalde, Benito Ibarrolaza, Bermeoko alkateordea eta zerbitzuetako zinegotzia, Amaia Elorza, Lurgintza zinegotzia, Urdaibai Patronatuko arkitektoa eta Bermeoko Udaleko arkitektoa Bermeoko
auzoetako auzo alkateekin batzartu direla azaldu dute udaletik.
Elorzak azaldu duenez, batzar horretan hainbat gai landu zituzten auzo alkateekin, eta, era berean, horien “iritziak, zalantzak eta ekarpenak” ezagutzeko aukera eduki zuten. Aipatu batzarrean honakoak jorratu zituztela esan dute: Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa (EIT) eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa zuzentzeko Plana.
Modu horretan, udal arkitektoak landa eremuan Eusko Jaurlaritzak araututako Eraikinen Ikuskaritza Teknikoari (EIT) buruzko azalpenak eman zituen. “EIT txosten tekniko bat da, eraikinen segurtasun, bizigarritasun eta erosotasun baldintzak hobeto ezagutzeko tresna”, hain zuzen ere. “Eraikinaren jabearen betebeharra da, eta eraikina kontserbatzeko legezko betebeharrean sartuta dago”, azaldu dute. Udal arkitektoak, hortaz,
auzoetako eraikinek EIT egiteko beharra dutela eta horretarako dagoen egutegia azaldu zien auzo alkateei.
Urdaibai Patronatuko arkitektoak, bestalde, eraikinei dagokienez, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa zuzentzeko Planak (EKZP/PRUG) duen eragina azaldu zuen.
Lurgintza zinegotziaren esanetan, “beharrezkoa da auzo alkateen iritziak ezagutzea lehen eskutik eta elkarlanean aritzea”.