Bermeon suhiltzaile talde finko bat jartzeko eskaera egin dio udalak aldundiari
Taldea osatzen den artean, bestalde, Bermeoko Herri Babesa taldeak egiten duen lana errazteko, Bizkaiko Foru Aldundiari hurrengo baliabideen lagapena egitea ere eskatu dute udaletik: moto-bonba kamioi txiki bat, eskaladun kamioi txiki bat, lur orotarako ibilgailu arin bat eta ekipo autonomoak.
Udaleko zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarrolazak azaldu duenez, “iaz, martxoaren 21ean, aipatu bi eskaerak egin zizkioten aldundiari, eta, aurten, berriro luzatzen dizkiogu”. Azken eskaera egin zutenetik herrian suagaz lotutako arazo gehiago egon direla gogorarazi du Ibarrolazak, “azkena, otsailaren 21ean, Aurrekoetxea kaleko garajeetan sutea piztu zenean”.
Oraingoan, hortaz, aldundiak Bermeoko Udalaren eskaera “erantzutea eta ontzat hartzea” espero du Ibarrolazak, “guztiz beharrezkoa baita”.