Hizkuntza erabileraren kale neurketa egin du Bermeok, eta asteon aurkeztu dituzte emaitzak. Soziolinguistika Klusterrak egin du aipatu neurketa, eta datuen arabera,
euskararen kale erabilerak behera jarraitzen du Bermeon (
hemen, Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko teknikariari egindako elkarrizketa).
Maite Alvarez eta Juan Karlos Agirre gaurko prentsaurrekoan
Bermeoko Udaleko euskara zinegotzi Juan Karlos Agirrek eta euskara teknikari Maite Alvarezek datuen berri eman dute goizeon. Agirreren ustez, “
Euskara ez da ez udalarena, ez Bizkaiko Foru Aldundiarena, ez eta Eusko Jaurlaritzarena,
herritar guztiona da. Hortaz, euskararen erabileraren beheranzko joerari
buelta emateko, herri osoaren inplikazioa beharrezkoa da. Gizarte mailako erantzukina, inplikazioa eta mugimendua beharrezkoa dira joerari buelta emateko”.
2016ko irailean, 6.353 bermeotarren hizkuntzen erabilera neurtu zen. Kale neurketaren bidez jaso diren elkarrizketatik atera diren datu orokorrak honakoak izan dira: e
lkarrizketen %33,6 euskaraz izan da, %63,6 gazteleraz eta %2,8 beste hizkuntza batzuetan. 2011ko kale neurketarekin alderatuta, Bermeon euskararen erabilera hiru puntu jaitsi da azken bost urteetan. Euskararen
ezagutza altua dela diote,
10etik 7k euskaraz daki eta bik ulertu egiten du. “Ezagutzari dagokionez, kopuru handienetan mugitzen gara, arazoa, beraz, beste nonbait dago”, esan du euskara zinegotziak.
Erronka euskaldunak euskaldunekin euskaraz egitea dela azaldu dute, bai eta kontsumitzerako orduan
euskara hautatzea ere, “gaur egun, hautatu egin behar delako”.
Euskara teknikariak azpimarratu duenez, “datu horiek kalean momentu eta ibilbide zehatz batzuetan entzundakoa erakusten digute, horrek ez du esan nahi bermeotarren hizkera hori dela. Hori jakiteko, azterketa sakonagoak egin behar dira eta beste faktore asko kontuan hartu behar dira, eta, udala, egoeraz jabetuta, horretan ari da lanean”. Hala, Agirrek UEMArekin batera lanean ari direla gaineratu du, “hizkuntza plangintzan lan egiten ari gara eta hizkuntzaren erabileran eragiten duten faktoreak aztertzen gabiltza, adin ezberdinetako herritarrekin batera”. Era berean, adierazi duenez, “euskara aholku batzordean, datozen hilabeteetan esku artean izango dugu gai hau. Orain, ume eta gaztetxoen aisialdi eta kirol eskaintza euskalduntzeko lanean ari gara”. Horrez gain, aurten, hurrengo lau urtetarako plan estrategikoa egingo dutela azaldu du, eta horretarako azken urteetan egindakoa aztertu beharko dutela jakinarazi du.
Hausnarketa egitea “beharrezkoa” dela esan du Alvarezek, “gehiago sakondu beharra daukagu zer gertatzen ari den jakiteko eta lehentasunak finkatzeko”.
Euskararen erabileraren jaitsieraren faktoreak
“prestigioa, kontzientzia falta eta axolagabetasuna” izan daitezkeela ondorioztatu zuten euskararen plan estrategikoa lantzen ibili zen lan taldea.
Agirrek eta Alvarezek nabarmendu dutenez, “udalak, erakunde moduan, euskarari dagokionez, gizarte erantzukizunez jokatu gura du”. Hala ere, “ezinbestekotzat” jotzen dute “aldi berean, gizarteko eragile guztiek (sozialek, kulturalek, kirol mundukoek…) eta norbanako guztiek ere, bakoitzak bere alorrean, egoeraz jabetu eta gizarte erantzukizunez jokatzea”.