Gernika BHI institutuak antolatzen duen Literatura lehiaketan parte hartu duten ikasleak Lizeo antzokian batu dira gaur goizean. Guztira, 412 ikasle aurkeztu dira aurten lehiaketara, eta kategoria bakoitzeko finalistak eta irabazleak deitu dituzte oholtza gainera. Horiek guztiek, literatur koadernoa hartu dute gaur. Prosan eta poesian, hiru kategoriatan banatu dituzte ikasleen lanak: A kategorian bildu dituzte batxilergoko eta Heziketa Zikloetako ikasleen lanak; B kategorian DBH 3 eta 4. mailakoenak eta C kategorian DBH 2. mailako ikasleenak.
Lanen aukeraketa irakasleek osatutako epaimahai ezberdinak egin dituzte, eta finalistak zein irabazleak igo dira gaur taula gainera.
Bideoak, bertsoak, musika eta beste. Sari banaketa ekitaldian, baina, sariak banatzeaz gain, bideo proiekzioak, musika, kantuak, bertsoak eta abar bildu dituen egitarauagaz gozatzeko aukera izan dute. Segundo Olaeta Musika eskolako zuzendari Jon Carrilloren gidaritzapean, ikasleekin osatutako musika bandak Xalbadorren heriotzean abestia interpretatu dute saioaren hasieran. Institutuko bertsolaritza taldekoek ere bertsoak kantatu dituzte, sari banaketarekin hasi orduko.
Horrez gain, insititutuko bi ikaslek kontzertu txiki bat ere eskaini dute literatur lehiaketaren sariketa ekitaldian. Ander Azkarai gitarran eta June Otxandio ahotsean,
Zapalduen olerkia eta
Zenbat min abestiak entzuteko aukera izan dute Lizeoan bildutakoek.
Ekitaldiaren amaiera aldera, bertso saio laburra ere egin dute. Iñaki Aurrekoetxea irakaslearen aginduetara kantatu dute Beñat Bilbao eta Julen Karrion bertsolariek.
Literatur lehiaketaren sari banaketa ekitaldiaren argazki galeria ikusgai dago,
hemen.