Martxoaren 1ean hasitako kanpainak Nafarroako hegoaldeko oliba-olio birjina eta kontserbak eskoizleek ezarritako jatorrizko prezioan eskuratzeko aukera eskaintzen du beste behin.
Errigorako kideen berbetan, inoiz baino
eskaintza “zabalagoa bezain ekologikoagoa” dakarte oraingoan. Izan ere, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena oinarri duen ekimen honetan, produktu guztiak ekologikoan eskatzeko aukera dago aurten.
Kanpaina bakarra da, baina
banaketa eta ordainketa bi zatitan egingo dituzte. Hau da, olioak eta kontserbak batera eskatu behar dira, baina, oliba-olioa apirilaren hasieran banatuko dute, eta kontserbak, berriz, ekainaren hasieran.
Otsailaren 28an Iruñeako Gazteleku Elkartean aurkeztu zuten kanpaina. Argazkia: Errigora
Betiko moduan,
eskaerak Internet bidez
www.errigora.eus webgunean egin daitezke, edo bestela, Euskal Herriko 65 bat udalerritan ezarritako eskaera lekuetan. Hala, Internet bidez eskaria eginez gero, bakoitzak hurbilen duen lekuan jaso ahalko ditu produktuak.
Azken urteotan legez, Busturialdeko hainbat elkartek, udalek, ikastetxek eta lantegik bat egin dute kanpainagaz.
Helburuak.
Nafarroako hegoaldean euskara “ofiziala ez den zonaldeko” euskalgintzari bultzada ekonomikoa ematea da Errigoraren helburu nagusia. Horrekin batera, Nafarroa hegoaldeko produktuak Euskal Herriko plazan kokatu gura ditu, urrunekoen ordez bertako produktuak kontsumitzeko. “Herrigintza, auzolana eta nazio-eraikuntza” dira kanpainaren ardatz nagusiak, eta horietan elkarlanean oinarrituta ekarpena egitea, lan molde horren beharra eta indarra goraipatuz.
Eskaerak egiteko lekuak:
- Bermeo: AEK euskaltegia
- Ea: Bodegoia
- Gernika-Lumo: Astra eta AEK euskaltegia
- Ibarrangelu: Kultur Etxea
- Natxitua: Ermintxo jatetxea