Gaur 11:00etan berriro batuko dira elkarretaratzean Gernika-Lumoko udal langileak. Beste behin, zerbitzu publiko duinen eta langileen eta horien lanpostuen balorazioaren alde borrokatuko dira, udaletxe aurrean.
Langileen balorazioa aldarrikatzeko bost minutuko geldialdia egiten ari dira egunero Segundo Olaeta Musika Eskolakoak
Astero udaletxeko langileez gain, kirol patronatuko, turismo arloko, kultur etxeko, kiroldegiko, musika eskolako, lanbide ekimeneko, udal euskaltegiko eta udaltzaingoko langileak biltzen dira protesta horretan, eta, bertan, besteak beste, negoziazio mahaia deitzeko eskatzen diete udal arduradunei. Musika Eskolakoek, gainera, egunero, bost minutuko geldialdia egiten dute egoera salatzeko.
Biharkoan, halaber, langileak berriro batuko dira, baina, oraingoan, elkarretaratzean barik, batzarrean. 13:00etan, Elai Alai aretoan elkartuta, balorazio mahaiaren inguruan jardungo dira bertaratutako langileak.