Gaur Arratzuko Barrutialde BHIn jokatutako
kanporaketa irabazita, Martxoaren 24ko Zallako finalaurrekoan izango dira Busturialdeko bertsolariak.
Durangaldearen kontra lehiatu du kanporaketa, eta alde estua egon da bi taldeen artean; Busturialdeak 371,50 puntu lortu ditu, eta Durangaldeak, berriz, 371 puntu.
A mailako (18 urte artekoak) taldeek egin dute bertsotan lehenengo, eta jarraian, B mailako (24 urte artekoak) taldeen txanda izan da. A mailan
153,50 puntu bildu dituzte Busturialdeko ordezkariek, eta B mailan, ostera,
218 puntu. Durangaldekoek 163,50 puntu eskuratu dituzte A mailan, eta B mailan, berriz, 207,50 puntu.
A mailakoen saioa.
A mailan bertsolari hauek osatu dute Busturialdeko taldea: Julen Karrion, Peio Gerrikaetxebarria eta Beñat Bilbao. B mailan Aitor Etxebarriazarraga, Mikel Retolaza eta Koldo Gezuraga izan dira bertoko ordezkariak.
Durangaldetik, 18 urte artekoetan Ander Sarriugartek, Eider Gallastegik eta Iruri Altzerrekak egin dute bertsotan, eta Xabi Barreñak, Peru Astigarragak eta Gorka Pagonabarragak osatu dute B mailako taldea.
B mailako bertsolariak.
Zortziko txikian zein handian, oinak, puntuak eta amaierak emanda, eta gai eta doinu librean osatu dituzte bertsoak. Besteak beste, Emakumeen Eguna, bertsolaritza, kirola, Durangoko eta Gernikako bonbardaketen 80. urteurrenak eta elikadura izan dituzte hizpide bertsoetan.
Esperientzia gehiagogaz nahi gutxiagogaz saio txukuna osatu dute hamabi bertsolariek, giro ederra sortuz. Ikastetxeko eta institutuko ikasleek gustura entzun dituzte bertsoak, eta bertsolariak errespetatuz, adi jarraitu dituzte bi taldeen saioak.
Zortzi eskualde lehian
Zortzi eskualdetako
48 bertsolarik parte hartuko dute aurten txapelketan. Gaurkoaz gain, beste hiru kanporaketa izango dira, eta martxoaren 24an eta 28an jokatuko dituzte finalaurrekoak. Finala, berriz, martxoaren 30ean izango da, Bilboko BBK Salan.
Hurrengo kanporaketa, datorren astean, hilaren 14an (martitzena) Igorreko Arratia BHIn lehiatuko dute Enkarterri/Ezkerraldea eta Arratia taldeek.