Hiru talde eta metalaren estilo ezberdinak entzungo dira bihar, Astran
Metal fabrika antolatu dute bigarrenez, eta hiru talde igoko dira, oraingoan ere, agertokira: Matutano, Aker Odol eta Strobais. Biharko dirua eskualdean irrati librea sortzera bideratuko duteArma lantegia zena Metal fabrika izango da, berriro, zapatuan...
Metal fabrika antolatu dute bigarrenez, eta hiru talde igoko dira, oraingoan ere, agertokira: Matutano, Aker Odol eta Strobais. Biharko dirua eskualdean irrati librea sortzera bideratuko dute
Arma lantegia zena Metal fabrika izango da, berriro, zapatuan. Bigarren jaialdia, eta hiru talde: Storbais, Matutano eta Aker Odol. Metal musika herritarrengana hurbiltzeko sortu zuten Metal fabrika, eta lehenengo jaialdia 2016ko abenduaren 9an egin zuten.Hiru lagun daude Metal fabrikaren atzean: Eneko Bedialauneta Sevilla, Jon Learreta eta Iban Vicente Makazaga. Nork bere espektatibak ditu, baina kualitatiboki lehen kontzertuak utzitako sentsazioekin gustura geratu ziren. «Kontzertuak ikustera etorri zen jendea, eta taldeak eurak ere gustura geratu ziren».
Helburu bat jarri zuten hasieratik, eta bete egin zuten. «Beraz, bigarren jaialdi bat antolatu behar genuela erabaki genuen. Apurka-apurka aurrera egitea da gure asmoa, ea jende gehiagorengana heldu eta Metal fabrikara erakartzen ditugun».
Aukerak zabaltzeko
Diotenez, metal musikaren eszenak ez du jende askorik mugitzen, baina publiko fidela dauka. Hala, zaleei zein musika taldeei ere aukerak zabaltzea izan dute hasieratik helburu: «Eszena badago, baina taldeek ez dute aukera askorik Astra moduko areto batean jotzeko. Eszena sustatzeko modu bat da Metal fabrika, eta ezagutzera emateko».
Norbere atseginerako antolatzen dituzte kontzertuak, baina aldi bakoitzean kalitatea mantentzea ere badute asmo. Bai abenduko saioan legez, zapatuan egingo duten Metal fabrikan ere metalaren eszenan ibilbide bat eta izena duten Euskal Herriko taldeak ekarriko dituzte Astrara. Gainera, musika estilo horrek eskaintzen duen aniztasuna ere bermatu gura dute. «Metalaren barruan espektroa oso zabala da, eta estilo ezberdin asko jorratzen dira. Beraz, jaialdi bat antolatzerakoan aukera ezberdinak eskaintzea da gure asmoa, alternatibak ematea».
Jarraipena eman asmoz
Eta, metalaren barruan, aukeren artean, denetara zabalik daude. Jakitun dira eskualdean eta inguruan ere badaudela metala jotzen duten taldeak. Zapatukoa bigarren jaialdia da, eta musika estiloa ezagutzera emateko Euskal Herriko taldengana jo dute. Hala ere, egitasmoak jarraipena izatea espero dute, eta hurrengoetan baliteke Busturialdeko taldeengana jotzea. «Maiztasun zehatzik gabe, baina egitasmoak jarraipena izatea da helburua. Eta aurerrantzean aukera guztietara zabalik gaude».
Bilbo (Matutano), Ermua (Storbais) eta Hondarribia-Irun-Trintxerpe aldetik (Aker Odol) etorriko dira bihar taldeak. Kontzertuak 21:30ean hasiko dira, eta 20:30ean zabalduko dituzte ateak. Sarrerak 5 euro balio ditu, eta Astrako barran biltzen duten dirua Busturialdean irrati libre bat bultzatzera bideratuko dute.