Matxitxakoko itsas gudariak gogoan izango dituzte domekan
Bermeon eta Ibarrangelun egingo dituzte oroimen ekitaldiak
Bermeokoa, Bermeoko Udalak, Matxitxako elkarteak eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuak elkarlanean antolatutatako ekitaldia izango da. 80.urteurreneko oroimen ekitaldia Nestor Basterretxea artista bermeotarraren Matxitxakoko Guda izeneko eskulturaren ondoan egingo dute, 12:00etan hasita.
Aipatu ekitaldian Bermeoko Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Matxitxako elkarteko ordezkariek parte hartuko dutela jakinarazi dute, eta, gutxi gorabehera, ordu bateko ekitaldia izatea aurreikusten dute.
Ekitaldira joan gura duten herritarrentzat doaneko autobusa jarri dute. Hala, 11:00etan aterako da Lameratik eta Zubiaur Tar Kepan ere geldialdia egingo duela azaldu dute Bermeoko Udaletik.
Akordan. Ibarrangeluko Udalak ere, urtero egin legez, itsas gudariak gogoan izateko ekitaldia egingo du Ibarrangeluko Akorda auzoan; hain zuzen, Bou Nabarrako Juan Telletxearen omenez jarritako monolitoaren parean batuko dira ibarrangelutarrak, domekan, 19:00etan. Besteren artean, lore eskaintza egingo dute.