Lea Ibarreko herritarrek esker ona adieraziko diote domekan Xabier Amurizari
Amuriza Gizaburuagan eta Amoroton abade aritu zeneko garaiak gogora ekarriko dituztela azaldu dute antolatzaileek. Ekitaldia Gizaburuagako udal areto berrian egingo da, 18:00etanLea Ibarreko Mankomunazgoak antolatuta, Xabier Amurizari esker ona adieraz...
Amuriza Gizaburuagan eta Amoroton abade aritu zeneko garaiak gogora ekarriko dituztela azaldu dute antolatzaileek. Ekitaldia Gizaburuagako udal areto berrian egingo da, 18:00etan
Lea Ibarreko Mankomunazgoak antolatuta, Xabier Amurizari esker ona adierazteko ekitaldia egingo da domekan, 18:00etan, Gizaburuagako udal areto berrian. Besteak beste, Amuriza Gizaburuagan eta Amoroton abade izan zeneko urteetan gertatutako pasadizoak eta bizipenak errepasatuko dituzte.«1965ean hasi eta kartzelaratu zuten arte, Amurizak hiru urte eta erdi baino ez zituen egin abade Amoroton eta Gizaburuagan. Baina berak Lea Ibarrean utzitako arrastoa gaur egunera arte ailegatzen da», esan dute Lea Ibarreko Mankomunazgoko Kultura Batzordeko kideek. Izan ere, abade izateaz gain, garai hartako egoeran eragile bat ere izan zela azpimarratu dute. «Eta garai hartako jendearentzat laguna ere izan zen, batik bat gazte zirenentzat».
Horregatik eta gehiagogatik, nola edo hala esker ona adierazteko beharra sentitzen zutela gaineratu dute. «Amurizak bertso plazetatik erretiroa hartu duen honetan, Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexako herritarrek ere gomutan hartuko dute Amurizak berton utzitako arrastoa. Eta pentsatu genuen moduren batean esker ona adierazi behar geniola».
Pasadizoak kontatzekoa
Amuriza omenaldizalea ez dela jakin badakitenez, ekitaldia ez dela omenaldi harro edo formala izango aurreratu dute. «Ekitaldiari ez diogu deituko omenaldia, badakigu-eta berari holako gauzak ez zaizkiola asko gustatzen».
Beraz, seminarioan, abadetzako urteetan eta kartzela garaian beragaz hartu-emana eduki zuten hainbat lagun batu eta kontuak esaten ipiniko dituztela aurreratu dute. «Herriotan egon zeneko pasadizoak, bizipenak, kartzelak eten ezin izan zuen elkartasunaren gomuta eta abar gogoratzeko hurre-hurreko ekitaldia izango da».
Musikak ere bere tardea edukiko duela aurreratu dute, bai eta ere ekitaldia egin eta gero, txokolate jana egongo dela. «Horretan, parte hartzaileek kontuak kontatzen jarraitu ahal izango dute».