Abizenak euskal grafiaz idazteko kanpaina jarriko du martxan udalak
'Izena duenak izana du' sentsibilizazio kanpaina abiaraziko dute hilabete honetan, Uemagaz batera. Informazio orriak eta kartelak banatuko dituzteUemaren laguntzagaz, Izena duenak izana du abizenak euskal grafiaz idazteko sentsibilizazio kanpaina martx...
‘Izena duenak izana du’ sentsibilizazio kanpaina abiaraziko dute hilabete honetan, Uemagaz batera. Informazio orriak eta kartelak banatuko dituzte
Uemaren laguntzagaz, Izena duenak izana du abizenak euskal grafiaz idazteko sentsibilizazio kanpaina martxan jarriko du Bermeoko Udalak hilabete honetan; «munduan euskaldunek presentzia izateko», azaldu dute udal ordezkariek.Euskal abizena modu ofizialean eta leku guztietan euskaraz idatzita edukitzeko eman beharreko hiru pausoak jasotzen dituzten informazio orriak eta kartelak banatuko dituzte Bermeoko Udalak eta hainbat eragilek. Hala, informazio orrian zehazten denez, interesa duenak erregistro zibilera edo bake epaitegira joan beharra du lehenik eta behin, eta abizena euskal grafiaz jarri nahi duela esan eta ematen dioten eskaera orria bete beharko du. Horregaz batera eraman beharko ditu nortasun agiriaren fotokopia (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman beharko du), hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria, errolda agiria (adinez nagusia ez denak gurasoena eraman beharko du), familia liburuaren fotokopia (seme-alabak izatekotan) eta seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia (16 urtetik gorakoak badira).
Izena edota abizena euskaraz nola idatzi behar den kontsultatu gura dutenek www.euskaltzaindia.net webgunean egin dezakete.
2016an, 46 espediente
Juan Karlos Agirre Bermeoko Udaleko euskara zinegotziak azaldu duenez, abizenak euskal grafiaz idazteko kanpainak emaitza positiboak izan ditu azken urteetan. Bermeoko epaitegian, adibidez, 2016. urtean, 2015ean baino hamar espediente gehiago izapidetu zirela jakinarazi du; guztira, 46.
Bestalde, epaitegietan egiten diren beste izapide batzuk ere euskaraz egin daitezkeela gogorarazi gura izan du Agirrek; besteak beste, jaiotza, ezkontza eta heriotza erregistroak. 2016an jaio eta ezkondu ziren bermeotarren erdiak, gutxi gorabehera, euskaraz izapidetu zituztela azaldu du.